Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak 2.135 gazte batuko dituzte bihartik aurrera Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 1a, 22:31

Euskadiko XXVI. Eskolarteko Kirol Jokoek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 2.135 eskola-ume (13 eta 14 urte bitarteko 1.031 neska eta 1.104 mutil) bilduko dituzte Algortako Fadura eta Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegietan bihar, etzi eta ekainaren 9an. Lurralde bakoitzeko infantil mailako kirolari eta talde irabazleak, 21 kiroletan lehiatuko dira: igeriketa, saskibaloia, boleibola, gimnasia erritmikoa, aerobic, errugbia, tenisa, futbol 7, futbol 11, herri kirolak, pilota, txirrindularitza, mahai tenisa, judo, xake, areto futbola, karatea, kanoe, eskubaloia, waterpoloa eta atletismoa. Ikasturtean zehar ikasle gazteek burututako kirol ekintzak azken ekitaldi honetan amaitzen dira, kirol helburuaz gain, parte-hartzaileen adinerako "egokia den lehiaketan ongi pasatzea eta euskara sustatzea ere helburu direlarik", Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzako iturriek nabarmendu dutenez. Argazkian, iazko xake partidak / Euskal Xake Federazioa.

Eskola Kirola egitasmoa ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakastorduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua da. Bere helburu nagusia eskolako ikasleen heziketa garapena osatzea da, kirolari bakoitzaren betebeharrak asez. Horrela, Eskola Kirola ekimenak, aukera berdintasuna aintzat hartuz, haurraren heziketa bultzatu beharko du, bere pertsonalitatearen garapen harmonikoa, etorkizunean kirolaren praktika ahalbideratzeko baldintza fisiko eta kirol aztura eta bizitza osasuntsua indartzen duten zenbait kirol modalitate ezberdin sustatuz. Bere oinarriak eta printzipioak, kirol diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta honi jarraiki, infantil mailako Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak burutzea ere bere betebeharra da. Bestalde, lurralde historikoetako foru erakundeen eskumena da eskola kirolaren arloko arauak garatzea eta, udal administrazioaren lankidetzarekin, eskola kirola programak gauzatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun