Anjel Figueroaren familiarrek gaur jakin dute gertatutakoa, Langraitzera iritsi eta telefonoz etxera deitzen utzi diotenean. Espetxeko medikoek egin dioten parte medikoan kolpe batzuk eta buruan koskor bat duela azaltzen da. Bestela ere, txiza beltza egiten duela adierazi die bere familiarrei.
Egoera larrian dago Figueroa
Anjel 2005eko abenduan ekarri zuten Langraitzera, ebakuntza egitera. 2006ko maiatzaren 9an ebakuntza egin zioten Gurutzetan. Harrez gero, zerbaitetan hobera egin duen arren, arazo mediku larriak ditu oraindik, tratamenduan segitzen du eta hainbat kontsulta egiteko ditu oraindik Gurutzetako ospitalean. Dena den, Figueroa pasa den apirilean eraman zuten Langraitzetik Kordobara.
Anjelen osasun egoera oso larria da. Anjelek “Grand Mal” edo hobeto esanda “Seizure” (Epilepsia mota larria. Gaixoak epilepsia ataketan espasmoak izaten ditu eta kontzientzia galtzen du) gaitzaren aurkako tratamendua jaso du 1988tik 1990era Gurutzetako Ospitalean. 1994. urtean espetxera sartu zuten eta azken aldian epilepsia atake batzuk izan ditu espetxean. 2005eko martxoaren 16an Kordobako ospitaleko larrialdian ingresatu behar izan zuten horregatik eta abuztuaren 30ean espetxeko ospitalean. Horrezaz gain, azken aldian aldi bateko ausentziak izaten ditu, aldi horretan egiten duenaren kontzientzia galdu egiten duelarik. Horrelako ausentzia ugari izan ditu, beste presoak inguruan izan dituelarik, bisitetan familiarrekin izan delarik edo ziegan bakarrik izan delarik…
Horregatik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohartarazi du "Anjel kalean izan beharko litzatekeela, bere osasun arazoekin espetxean bizitzerik ere ez duelako. Baina osasun egoera larrian dauden euskal preso politikoak ugariak direnez, alde horretatik bere kasuak ez du behar bezalako oihartzunik izan. Beste aldetik, egoera horretan dagoen preso bati horrelako jipoia emateak espetxeetan benetan gertatzen ari dena argi eta garbi erakusten du. Espainiako gobernuak gaixorik dauden preso politikoak ere txanpon gisa erabiltzen ari da bere helburu politikoak lortzeko. Dagoeneko 30 preso eta familiar/lagunak hil dira espetxe politika hiltzaile honen ondorioz. Anjel etxean behar dugu! Legearen arabera, eta bestela ere, preso gaixoak kalean behar dute orain! Presoen estatus politikoa orain! Konponbide politikoa behar dugu! Presoak etxean behar ditugu!".