Euskal Autonomia Erkidegoko 7.804 ikaslek bihar hasiko dituzte hautaproba azterketak
Euskal Herriko Unibertsitatean. Igaz bezala, selektibitatea euskaraz egiten duten ikasleak (4.080), gaztelaniaz egingo dutenak baino gehiago dira (3.724) aurten, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Azterketak arratsaldeko lauetan hasiko dira. Lehendabizi, Hizkuntza eta Literatura proba izango da, eta gero Historia eta Filosofia; ostegunean, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 19,00ak arte, Batxilergoan egindako espezialitateko nahitaezko eta hautazkoen probak izango dira (Batxilergo Artistikoko ikasleek proba hauek Arte Ederren Fakultatean egin beharko dituzte). Azkenik, ostiralean, 10:00etatik aurrera, Euskara azterketa izango da, eta gero aukeratutako atzerriko hizkuntzakoa (ingelesa, frantsesa edo alemana). Aipaturiko 7.804 ikasleek 41 epaimahaitan egongo dira banatuak: 6 Araban, non 1.009 ikasle (414 euskaraz) aurkeztuko diren; 13 Gipuzkoan, non 2.780 ikaslek (1.796k euskaraz) egingo duten azterketa, eta 22 Bizkaian, non 4.015 ikasle (1.870 euskaraz) aurkeztuko diren selektibitatera.