Ekainaren 15era bitartean egongo da zabalik Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Esperientzia Geletan izena emateko epea. Bertan, Giza Zientzietako diploma ematen zaie parte-hartzaileei, eta matrikulatzeko ez da inolako titulaziorik eduki behar. Matrikulatzeko baldintza bakarrak bi dira: 55 urtetik gora edukitzea, batetik, eta erretiratua, horren parekoa edo etxeko andre ala gizona izatea, bestetik. Titululazioa lortzeko lau ikasturte egin behar dira, eta honelako gaiak lantzen dituzte: Historia Unibertsala, Artearen Historia, Gaur Egungo Egoera Sozial eta Kulturalak, Geografia eta Ekologia eta Euskal Kultura. Gainera, hautazko ikasgai ugari ere eskaintzen dira, hala nola, Informatika, Europako Batasuna, Zuzenbidea eta zenbait hizkuntza. Izena eman nahi dutenek Bilboko Zazpi Kaleetako EHU-BBK etxera (Banco de España, 2) jo beharko dute, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:30era.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!