Berria eta
Gara egunkariei helarazitako
agiriaren bitartez, gaur gauerditik aurrera, 2006ko martxoaren 22an iragarritako su-eten iraunkorra bertan behera utziko duela iragarri du Euskadi Ta Askatasunak (ETA). Egun Espainiako Gobernuarekin "negoziaketa prozesu batean aritzeko behar den baldintza demokratiko minimorik" ez dagoela adierazi du erakunde armatuak. "Orain arteko sasi irtenbideek ez garamatzatela inora", ohartarazi dio ETAk Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuari. Gauzak horrela, "atxiloketak, torturak eta era guztietako jazarpenak" burutzea egotzi dio exekutibo sozialistari; baita Zapateroren "talantea alderdiak eta herritarrak eskubiderik gabe uzten dituen faxismo bihurtu" dela aipatu ere. EAJri, berriz, "Euskal Herriaren defentsan, geroaren eraikitzean, erabaki irmoak hartu behar diren bakoitzean iruzur egitea" leporatu dio. Bitartean, ETAren iragarpenari "lehen egin dituen akats bera egitea"
iritsi dio Zapaterok. PPk, berriz, dagoeneko egin dizkio
"proposamenak" Espainiako Gobernuari: Iñaki de Juana presoa eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia kartzelara sar ditzala, eta EAE-ANV legez kanpo uzteko eskaera egin dezala. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak
"txantxa makabrotzat" jo du ETAren agiria. Argazkian, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak 2006ko martxoaren 24ko ekintza armatuen etenaldia iragartzeko kaleratutako bideoaren irudia.