50.000 bat lagun izan da asteburuan Areetako eskulangintza azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 5a, 17:06

Pasa den ostiralean, ekainak 1, hasi zen Getxoko XXIV. Eskulangintza Azokak arrakasta handia izan du Areetako Xake plazan hiru egunetan zehar. Aurten Azoka lehenengo aldiz egin da estalperik gabe eta sarrera doakoa izan da. Horrekin batera, eguraldi ona ezinbestekoa izan da emaitza arrakastatsua lortzeko. Horrela, bada, Getxoko Kultur Etxeak emandako datuen arabera, 50.000 bisitarik bete dute azokaren barrutia eta horren inguruak. Salmenta guneaz gain, erakustaldiak zuzenean egiteko gunea egon da eta, ohi bezala, gastronomia-saila Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean kokatu da. Salmentei dagokienez, emaitza bikainak egon dira eta antolakuntzaren aurreikuspenak hobetu dituzte. Ostiralean bertan azokak jende ugari ekarri zuen Getxora. Azokan 100 salmenta-postu egon dira eta bisitariek 20 espezialitateko artikuluak ikusteko eta erosteko aukera izan dute. Larunbatean eta igandean publikoak bete egin zuen plaza, nahiz eta aurten karparik ez egon eta postuen arteko korridoreak zabalagoak izan.

Ohi denez, azokak aniztasunaren aldeko apustua egin du. Horrela, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat lekutatik etorritako artisauei (Asturias, Galizia, Aragoi, Gaztela, Leon, Murtzia, Andaluzia eta Herrialde Katalanenak), Irlandatik, Portugaletik eta Italiatik etorritako artisauak batu egin zaizkie Areetako azokan. Hortaz, jendeak ezagutzen dituen produktuak lortu ahal izan ditu eta baita hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen dutenak ere.

Halaber, zuzenean eginiko erakustaldiek arrakasta handia izan dute aurtengoan. Goizez eta arratsaldez, zenbait eskulangile jardun dira zuzenean, publikoak eskulanak nola egiten diren ikusteko. Javier Caravaca artisau murtziarrak zetazko janzkiak nola egiten diren erakutsi du: zetar-hazkuntzan hasita, janzkia bukatu arte eta. Bestalde, Burgoseko Rubén Gonzalez tailugile, eskultore eta grabatzaileak harri-lanaren sekretu asko erakutsi du Areetan. Hiru egunetan, artisau horrek harrizko erretilu erraldoia egin du, 6 tonako harria landuta. Horiekin batera, Getxoko Kultur Etxeko tailerretako ehoziri-parpailagileak ere jardun dira eta gaztetxoenek lehenengo aldiz gozatu ahal izan dute eskulangintzaz haientzako bereziki egon diren zeramika, egurra eta saskigintza-tailerretan. Aurten ere Gastronomiaren Gunea arrakastatsua izan da. Bertan 14 postu egon dira eta bisitariek gozokiak, ogiak, ahatekiak, txokolateak, jatorrizko deitura duten gaztak eta garrapiñatuak erosteko aukera izan dute, besteak beste.

25. urteurrena

Datorren urtean azokak 25. urteurrena beteko du eta aurten hasitako filosofiari eutsiko dio, publikoak harrera paregabea egin dio eta. Hori dela eta, estalperik gabe egingo da azoka eta sarrera doakoa izango da. Horrezaz gain, zuzenean egiteko erakustaldien eta haurrentzako tailerren guneak handituko dira azoka hobetzeko asmotan. Izan ere, ezinbestekoak izan dira Getxoko azoka eskulangintzaren zaleentzako hitzordua bilakatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun