Karlos Galan eta Ander Sanchezen ekimenez, abenduan ekin zioten kajoi flamenko ikastaroari, Algortako Etorkizuna mendi taldeko lokalean. Orduan, zazpi lagun izan zituzten ikasle eta jarraitzea erabaki zuten. Ostiraletan ez ezik, eskolak ostegunetan ere ematea erabaki zuten; baina horiek porrot egin zuten Galanek aipatu duenez. "Hala ere, ostiraleko taldea guztiz egonkortuta dago eta besoak zabalik ditugu parte hartu nahi duten guztientzako", gaineratu du ikastaroko koordinatzaileak. Gainera, txalaparta ikastaroak ere izaten dira bertan, Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldearen (UKTEST) eskutik. Galan eklkarte horren kide ere bada eta berak dioenez, "giro ona sortzea" da ikastaroon helburua: "Maiz ikasleen lagunak ere elkartzen zaizkigu eta erlojuari begiratu barik aritzen gara", azaldu du. Ordaindu beharreko 40 euroak, berriz, alokairua ordaintzeko izaten dira: "eskerrak Etorkizunak lokala uzten digula, bestela...", dio Galanek.
Giro ezin hobea
Irakasle dabilen Ander Sanchezek, berriz, ikastaroa oinarrizkoa dela azaldu du: "teknika eta erritmoa ondo hartzea da asmoa eta, bide batez, beste perkusio tresnei aukera ematea", dio. Etxean praktikatuz ahalik eta gehiago ikasteko kajoi flamenkoa erostea ere gomendatu ohi die ikasleei. "Denetarik dago, merkeak (75-90 euro) zein garestiak (250-290 euro). Gainera, Interneten kajoia zuk zeuk egiteko argibideak aurki ditzakezu", nabarmendu du Sanchezek. Jon Ingunza eta Goizeder Moral ikasleek, berriz, ostiraleko eskolak "laburrak" egiten zaizkiela aitortu diote UKBERRIri eta ez dute bere kajoi propioa erostea baztertzen. Izan ere, antolatzaileek aipatu bezala, ostiralero sortzen den giroari "ezin hobea" deritzote biek.