Ikerketa baten arabera herriarekin "pozik" daude urduliztarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 5a, 20:35

Joan den urtean, merkatu ikerketak eta marketing estrategikoa egiten dituen Ikerfel enpresak telefono bidezko zundaketa soziologiko bat egin zuen Urdulizen bizi den jendearen artean. Guztira, 600 elkarrizketa egin zituzten, 18 urtetik gorako lagunak aukeratuta, udal iturriek jakinarazi dutenez. Ikerketaren emaitzen arabera, Urdulizko biztanleak "bizi diren udalerriarekin pozik" daude: holan, %72 gustura sentitzen da, %26 oso gustura, eta %46 dira nahiko gustura daudela esaten dutenak. Zenbat eta adinez nagusiagoak orduan eta pozago daude herriarekin, gainera. Halandabe, herritarrengan kezka eragiten duten gaiak ere badaude: etxebizitza (%23) eta saltoki falta (%21), hurrenez hurren. Udal iturriek nabarmendutakoaren arabera, "urduliztarrek adierazi dute ikerketa honetan baikor sentitzen direla herriaren etorkizuneko eboluzioarekin, eta batez ere baikorrak dira egungo egoerarekin". Horrela, %56k uste du hurrengo bost urteetan Urdulizen bizitzea "atsegina" izango dela.

Urdulizko bizitzaren alde ezberdinen gaineko balorazioari dagokionez, gehien baloratzen duten aldea ingurune naturalaren eta herri segurtasunaren gainekoa da. Modu horretan, "ingurune natural atsegin baten jabe den herria legez" ikusten dute Urduliz, "aire garbiarekin eta zaratarik gabe, eta segurtasun maila egokiagaz". Defizit handienak etxebizitzen prezioan igarri dira, enplegurako aukeretan, eta kirol eta kultura azpiegituretan. Honen gainean zera diote tokiko agintariek: "udalerriaren beharrizanak ezagutuz, Udalak azpiegiturak ugaldu egin ditu, eta Urdulizek badauka dagoeneko kultur etxe berri bat, frontoi berria eta futbol zelai bat egiten gabiltza. Horren ostean, igerilekuak etorriko dira eta kiroldegi berri bat. Horretaz aparte, babes ofizialeko 60 etxebizitza eraikitzen gabiltza".

Egitasmo berriak

Beste alde batetik, elkarrizketatuen %87k badaki proiektu bat dagoela, herritik pasatzen den lekuetan, metroaren bidea lurperatzeko. Gutxiago dira, %41 hain zuzen ere, trenbidea Sopelako mugaraino lurperatzeko proiektua ezagutzen dutenak. Bi horien balorazioa "guztiz positiboa" izan da. Etxebizitzari dagokionez, elkarrizketatuen %84k badaki Udalak babes ofizialeko etxebizitzak eta tasatutakoen eraikuntza bultzatzen dabilela. Hori ere "oso positiboki" baloratu dute. Beste alde batetik, Urdulizen bizi diren pertsonen %33 Kultur Etxeak antolatutako ekitaldiren batera joandakoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun