Asteartean, martxoak 25, eman zitzaion hasiera bost egunetan zehar Algorta eta Getxo herriak "jaia eta borrokaz margoztuko dituen"
Txorimalo gaztetxearen bigarren urtebetetzeari. Lehenengo egunean, dantzariek, bertsolariek eta trakak abiatu zuten egitaraua. Algortako Gazte Asanbladako (AGA) kideek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, jende andana bildu zen Txorimaloren urteurrenaren hasiera ospatzeko. "Luntxa eta gazteek berotu zuten giroa", aipatu dutenez. Ondoren, film laburren emanaldia egin zuten ospakizunen lehenengo eguna bukatutzat emanez. Atzo, berriz, Uribe Kostako gazte asanbladak lehian aritu ziren agrolinpiaden txapelketan. Lagun ugari bildu ziren, eta eguraldiak kale egin arren, hainbat proba burutu ahal izan zituzten neska-mutilek. Horrela, "kirola eta jaia uztartuz, giro ikaragarria sortu zen gaztetxean", nabarmendu dute AGAkoek. Oraindik ere, larunbatera arte ekimen eta eskaintza ezberdinak egongo dira, bai Txorimalon, bai Algortan bertan. Gauzak horrela, gaur, arratsaldeko 6ak inguruan, "Kalea gurea da" koblakari antzezlana egongo da ikusgai Txiki Otaegi plazan eta ondoren kantautoreak. Argazkian, sokatira proba atzoko agrolinpiadetan.