Getxoko Gobernu Taldeak Uholdeetako Batzorde Berezia deituko du berriro 15 eguneko epean. Gobela ibaiaren egokitze hidraulikoko egitasmoari buruz, Udaleko alderdi politikoek zein ekaineko uholdeen ondoren sortutako bi ellkarteetako ordezkariek aurkeztu beharreko hobekuntza proposamenak aztertuko dituzte, bilera horretan. Irailaren 16ko batzarren, udal arduradunek Urak, gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren menpeko Uraren Euskal Agentziak Gobela ibaia egokitzeko idatzitako proiektu hidraulikoaren berri eman zuten, tokiko iturrien arabera. “Eztabaida Urak idatzitako proiektuaren arabera urak gaina hartzeko arriskua duten inguruetan, eta proiektua hobetzeko Udalak har ditzakeen neurrietan zentratuta egon zen”, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu duenez. Hurrengo egunotan, bileran parte hartu zutenek aipaturiko proiektuari buruz dituzten proposamenak eta iradokizunak bidali beharko dizkiote Udalari, horrela, bigarren bileran, proiektuari buruzko behin betiko erabakia hartzeko baldintzak izan daitezen. Lehenengo batzarra egin aurretik,
tirabira egon zen auzokideen eta udal arduradunen artean, Gobela ibaiaren garbiketa lanei buruz. Argazkian, udal langile bi errekan.