Gaixotasun infekziosoen garapena aztertuko dute bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 23a, 15:37

Asteazken honetan, irailak 24, 11:45ean, "Ondorio biomediko eta sozialak giza eboluzioan" izenburuko hitzaldi zikloa hasiko da EHUko Erandio eta Leioako campusean. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Antropologia laborategiko ikerkuntza taldeak antolatu du. Concepcion de la Ruak zuzentzen du talde hori eta Esther Dominguez Fakultateko dekanoak irekiko du sesioa, aipatu ikastegiko gradu aretoan. Hitzaldi zikloak Biologia Ebolutiboan egiten den ikerkuntzaren garrantzia azalarazi nahi du, bai Biomedikuntzarako aplikazio praktikoengatik, bai ondorio ekonomiko eta sozialengatik, antolatzaileek zehaztu dutenez. Gaixotasunak erraz erasotzen dio gure organismoari, ikuspegi biologikotik berezko ugalketa -ez osasuna edo bizitza luzera- maximizatzeko berezko hautespenak ezarritako erabaki batzuen emaitza baita. Argazkian, gaixotasun infekziosoak ikertzen laborategian / Ikerlan.

Adibidez, mutazio genetiko batzuek zenbait gaixotasunetarako joera handiagotzen badute, zergatik ez ditu berezko hautespenak ezabatu? Beste ingurugiro batzuetan beste abantaila batzuk eskaintzen dituztelako? Buruko gaitzak gure ezagutzaren garapenagatik ordaindu behar den prezioa da? Egokitzapen ebolutibo eta gaur egungo oparotasunaren arteko talkaren ondorioa da gizentasuna? Arazo hauek ulertzeak biologia ebolutiboa eta medikuntza lotzen ditu eta osasun publikoari gehigarrizko etekina ematen dio. Hain zuzen ere, lehenengo saioaren gaia, gaixotasun infekziosoen garapena, berezko hautespenak eta giza eboluzioaren historiak biomedikuntzan duten garrantzia erakusteko adibide hoberenetarikoa da.

Hizlariak Mihai Netea eta Bart Ferwerda doktoreak dira, Herbehereetako The Radboud Universityko Nijmegen Medical Center-eko ikertzaileak. Netearen taldeak (Ferwerda ere talde horretakoa da) lehen mailako ikerketak burutzen ditu jaiotzetiko inmunitateari eta infekzioaren kontrako erresistentziari buruz. Eragin handiko artikuluak argitaratu ditu (PNAS, Nature Genetics aldizkarietan) toll-like receptors izeneko molekulei buruz. Molekula horiek giza organismoan mikroorganismoen presentzia antzematen dute. Concepcion de la Ruaren taldea Netearenarekin elkarlanean hasi zen duela urte bi.

Biharko saioaren egitaraua:

Irailak 24, asteazkena:
1go sesioa: Inmunologia eta eboluzioa

11:45 Ongi etorria Esther Dominguez Zientzi eta Teknologia Fakultateko Dekanoren eskutik.

12:00 "Pattern-recognition receptors: from Drosophila to patient" hitzaldia, Mihai Netea Herbehereetako The Radboud Universityko Nijmegen Medical Center-eko ikertzailearen eskutik.

12:30 "Evolutionary pressure on Toll-like receptors" hitzaldia, Bart Ferwerda The Radboud University Nijmegen Medical Center-eko ikertzailearen eskutik.

13:00-13-45 Eztabaida eta amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun