Iker Gallastegi epaitu egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko uzt. 6a, 15:48

Iker Gallastegi (argazkian / Etengabe), Irantzu Gallastegi preso berangoztarraren osaba, epaitu egingo dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, Europa Press albiste agentziak atzo jakinarazi zuenez. Fernando Grande-Marlaska epaileak erabaki hori hartu zuen apirilaren 30ean egindako epaian. Horren arabera, Tele5 telebistako erreportaje baterako ezkutuko kameraren bidez hartu zizkioten hitzak direla eta "terrorismoaren gorazarrea" leporatuko diote Iker Gallastegiri. Fiskaltza, Ermuako Foroa eta Espainia Ta Askatasuna akusazioek urte bat eta hiru hilabete eta bi urte bitarteko eskaerak egin dituzte. Epaiketa burutu bitartean, Grande-Marlaskak 3.000 euroko fidantza ere ezarri zion Gallastegiri. Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Penalerako Aretoaren Lehenengo Atalean burutuko da. Iker Gallastegiren aurkako salaketak eta ikerketaren hasiera iaz izan ziren eta berangoztarrak pasa den otsailaren 22an deklaratu zuen. Bere aldetik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du "'El Correo Español'-ek dagoeneko kondenatu" duela Gallastegi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun