Emakumeen eta udal teknikarien ekarpenek osatuko dute Debekatutako Hiriaren Mapa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 24a, 15:02

Otsaileko tailerretan egindako lanekin jarraituz, genero ikuspegitik udalerrietako errealitatea aztertzen jarraituko du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. "Emakumeek tailerretan aztertutako guztiarekin informazio mapa bat egingo da, eta lan saioak planteatuko dira udal bakoitzeko teknikari eta politikoekin", zehaztu dute Berdintasun Zerbitzutik. Udal bakoitzeko teknikariekin adostutako puntuekin Uribe Kostako mapa egingo da. Bestalde, oraindik orain, udan abiatutako galdeketarekin (pdf) jarraitzen dute. Eta hori betetzeko aukera izango dute oraindik egin ez duten andrek. Era berean, arazotsuak diren lekuen argazkiak; edo baita irisgarritasuna, segurtasuna eta abar dela‑eta berehala esku hartu behar den lekuen irudiak ere bidaltzeko eskatu dute Mankomunitatetik. Helbide hauetara bidali behar dira: agenda21[abildua]uribekosta.org edo berdintasuna[abildua]uribekosta.org. Argazkian, hainbat lagun Urdulizko Emakumeen Etxean.

Debekatutako hiriaren mapa bi fasetan egingo da: lehenengoan, antzemandako lekuetara bisitak egingo dira; eta geroago, bigarren fasean, maparen lehenengo zirriborroa, tailerretan eta kanpo‑bisitetan lortutako informazioarekin. Udan zehar ere, inkestak egin zitzaizkien eskualdeko emakumeei, batez ere gazte eta nerabeei. Galdeketa horien helburua zen emakume horiek, batez ere gauez, egiten dituzten jarduera, ibilbide, joan‑etorri eta abarri buruzko informazioa biltzea, Mankomunitateko arduradunek argitu dutenez. Jasotzen dituzten ekarpenekin, otsailean egin ziren tailerrekin eta udaletako teknikariekin egindako bilerekin, Debekatutako Hiriaren Maparen lehenengo zirriborroa egingo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun