Gogoratu, zigilu diskografiko batekin kaleratutako lanik edo diskoetxeren batekin kontraturik ez duten taldeek baino ezin izango dutela maketa lehiaketan parte hartu. Gainera, "getxoztarrez osatua egon beharko da talde bakoitzaren erdia (%50)", antolatzaileek zehaztu dutenez. Irabazleek uztailaren 27tik 31era ospatuko diren San Inaziotan joko dute, Txiki-Otaegi plazan, oraindik erabakitzeke dagoen egunean. Baliteke talde ezagunen batekin izatea. Txorimalo gaztetxeko kanporaketari (data zehazteke) dagokionez, egunean bertan egingo dute zozketa (musikariak aurrean direla) talde bakoitzak zein ordenetan joko duen zehazteko. Jai batzordeak musikarien esku jarriko du beharrezko soinu ekipo osoa. Hala ere, musikariek ezin izango dute lehiaketan parte hartzen duten bi talde baino gehiagotan egon, aldi berean, antolatzaileek aipatu dutenez. Bestalde, jotzen dituzten abestien egileak eurak direla eta horien gaineko eskubideak dituztela ziurtatu beharko dute musikariek, "hirugarren batek jai batzordeari egin diezaioken erreklamazioa ekidin aldera". Abestiak hainbat hedabideetan erreproduzitzeko aukera edukiko du jai batzordeak.
Maketak ematea
Musika taldeek ekainaren 12ra arte, 19:00etan, izango dute maketa Algortako kultur etxean (Villamonte A8) entregatzeko aukera. CD formatuan izan beharko da, hiru abestirekin gutxienez. Horrekin batera, taldearen historia laburra, helbidea eta kontaktatzeko modua (e-posta, telefono zenbakia) eta taldekideen izen-abizen eta jaiotze daten fitxa eman beharko dute. Aipatu oinarriak onartu beharko dituzte lehiaketara aurkezten diren taldeek, baita irabazle suertatzekotan, lehen aipaturikoak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak emateko konpromisoa hartu ere. Zalantzak argitzeko aixerrota@mundurat.net e-posta helbidea jarri du jai batzordeak.