Ezker abertzaleari hitza ere kendu nahi dio Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 23a, 15:16

Eusko Abertzale Ekintza legez aurka jartzearen hariari tiraka, ostiral honetako (irailak 26) udal osoko bilkuran, ezker abertzaleko ordezkarien parte hartzea galarazi dezaten eskatzeko mozioa aurkeztuko du Getxoko PPk. Getxo Bizia herri plataformari aurreko lau urtetan gertatu bezala, orain arte udal batzar amaierako erregu eta galderetako txandan baino ez du parte hartzerik izan ezker abertzaleak; 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetarako Getxoko EAEko zerrenda legez kanpo utzi zutenetik. Jokabide hori, baina, "iruzurtzat" jo du Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak, "herritarrentzako eskubide bat dena, beste osoko bilkura bailitzan, euren hizketaldia egiteko erabiltzen dutelako ezker abertzaleko buruzagi ezagunek". Bitartean, tokiko ezker abertzaleak udal batzar guztietan salatu du "apartheid egoera"; "3.247 getxoztarren botoek emandako bi eserlekuak" eman eta, gainontzeko alderdiei bezala, eguneko gaiak eztabaidatzen utzi diezaietela eskatuz. Argazkian, "Salbuespen egoerari stop!" lelopean, 300 lagunek baino gehiagok egin zuten manifestazioa ostiralean Algortan.

Getxoko Alderdi Popularraren arabera, "udalerriko arazoak konpontzeko asmoz, herritarrek erregu edo galderak egiteko dira txanda horiek; eta ez ezker abertzalearen aldeko hitz beroak botatzeko". "Udalbatzari eta aretoan diren herritarrei errepetua zor zaiela" argudiatuta kendu nahi dio hitza ezker abertzaleari Arruek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun