Larunbatean bi horma-irudi osatuko dituzte gazteek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 6a, 20:48

Duela bi urte abiatutako Gazteirudiak programaren bidez egindako irudi fondoa osatzeko, Plastahop izeneko maratoia antolatu du larunbat honetarako, hilak 9, Getxoko Gazteria Zerbitzuak. Aurreko ekitaldietan irudiak lehiaketa baten bitartez bildu dira. Bertan, marrazkiak, argazkiak eta irudi-muntaiak hautatu dituzte. Aurten, Gazteirudiak 2007k 5 eta 30 urte bitarteko gazte getxoztar guztiak gonbidatu ditu maratoian parte hartzera, Algortako San Nikolas plazan lekutuko dituzten bi hormirudietan euren irudiak ipiniz. Erabili ahal izango dituzten materialeak asko dira (graffitia, akrilikoa, collagerako zatiak, argizariak...) eta gaia librea izango da, indarkeriazko irudiak eta mami sexista, arrazista edo baztertzaileak dituztenak ekiditu behar izango direla. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Jardunaren ordu-tartea 11:00etatik 14:00ak artekoa izango da. Amaitutakoan mokadotxoa eskainiko dute eta argazkiak aterako dizkiete "plasta" irudien egileei, euren izena jasoz. Parte hartzen dutenei, aurrerago, horma-irudi osatuaren irudia daukan kamiseta bana emango zaie. Gazteirudien aurreko ekitaldietan bildutako irudietako bat / Getxo.net.

Gazteirudiak egitasmoaren helburua Gazteria Zerbitzuak egiten edo laguntzen dituen argitalpenak eta haren baimenaz, gainontzeko udal zerbitzuenak ere (esku-orriak, web orrialdea, Gazteak, Getxoberri, ...) irudiztatzeko irudiak edukitzea da, udal iturrien arabera. Imanol Landa zinegotziak aditzera eman duenez, “maratoiaz haratago doan ekimen baten bitartez gazteen artean sormena indartu eta sustatu nahi dugu, gerora parte-hartzaile hauek ikusi ahal izango dutelako beren lanak Gazteria Zerbitzuak berak erabiliko dituela bere eta Udalaren argitalpenetan, irudi horiek udalerriko auzotarren artean zabalduz”. Argibide gehiago Gazte Bulegoan, 944 910 114 telefono zenbakian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun