Emakumeen Lasterketak milatik gora andra bildu nahi du igandean Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 6a, 21:02

Emakumeen Lasterketak mila bat andra batu nahi du Getxo udalerian domeka honetan, hilak 10, Algortako Portu Zaharra eta Bizkaiko Zubiaren (Areeta) artean egingo den 5 kilometroko saioan. Lasterketa Espainiar estatuan egiten den zirkuitua osatzen duten bederatzi probetatik seigarrena da eta bere helburua emakumeen artean kirola sustatu eta bularreko minbiziari aurre egiteko dirua batzea da, gaur tokiko iturriek adierazi dutenez. Hartara, korrikalari bakoitzak euro bat ordaindu beharko du izena ematerakoan. Diru guztia Espainiako Minbiziaren Aurkako Borrokarako Elkarteari (AECC) emango zaio. Zirkuituari hasiera eman ziotenetik eta gaur arte 78.000 eurotik gora batu dituzte.

Aurtengo zirkuitua pasa den apirilean hasi zen Malagan eta Zaragozan amaituko da azaroan. Sport Life eta Runner´s World aldizkariek antolatutako lasterketa da eta Getxon bertako Udalaren babesa izango du. Guzman Aranaga jarduneko Kirol zinegotziak, gaur, probaren aurkezpen ekitaldian esan duenez “Getxora lasterketa hau ekarri ahal izana egungo gobernu taldeak herrian kirola indartzeko egindako ahaleginarentzat amaiera bikaina da”. Lasterketa goizeko 10:30ean hasiko da Portu Zaharreko aparkalekuan eta handik Arriluzeko Ibiltokia, Zugatzarteko Etorbidea eta Areetako Etorbidetik eskoialdera biratuz Kale Nagusia hartuko du; Evaristo Churruca Moilara abiatuko da, eskoi aldera eginez berriro, Areetako hondartza eta moilara iristeko; ezkerretara eginez Arriluzeko Ibiltokia hartuko dute, Ereagako moila igaro ondoren berriro ere Portu Zaharreko aparkalekuan amaitzeko, bertan baitago helmuga. Ibilbide osoa egiteko ordubete eta 15 minutuko denbora emango dute eta bai oinez bai korrika egin ahal izango da. Lasterketa amaitutakoan aerobic erakustaldia izango da Ereagako hondartzako inguruetan.

Izen-ematea

Hamabi urtetik gorako andra guztiek parte hartu ahal dute lasterketan, bai banaka, bai taldeka –familia bereko andrak ere alkartu ahalko dira- egin ahal izango dute, kategoria asko ezarri dituztelako. Iaz 25.000tik gora izan ziren Emakumeen Lasterketan parte hartu zutenak, eta aurten, aurreneko bost lasterketetan lortu da marka hori berdintzea, antolakuntzatik aditzera eman dutenez. Getxoko saioan parte hartu ahal izateko izen-ematea egiteko azken eguna bihar, hilaren 7an, izango da. Bilboko El Corte Ingles saltokiko kirol sailean egin behar da edo Internet bidez ere, www.carreradelamujer.com edo www.runners.es webgunetan-. Kamisetak eta lepoan ipintzeko zenbakiak aipatu saltokian emango dituzte barikua 8an, 12:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte, eta zapatua 9an, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun