Gaur Donostian eta bihar Algortako Irish Piper´s Pub-ean 20:00etan, "PAYAdoreak" ez ohiko ikuskizuna ikusteko eta entzuteko aukera izango da: Fredi eta
Xabi Paya Algortako bertsolari ezagunak Argentinako
Wilson Saliwoncyk eskarmentu handiko payadorearekin arituko dira bertsotan. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) Lanku bertsolaritza munduko enpresarekin batera antolatu du biharko ekitaldia. Unai Elizasu Lankuko arduradunak
Irutxuloko Hitzari aitortu bezala, "kanpotik inprobisatzaileak ekarri eta Euskal Herriko bertsolariak kanpora eramatea bilatzen dugu. Wilsonen inprobisatzeko gaitasuna ikusita, Euskal Herriko hainbat emanalditan parte hartzea erabaki genuen". Bestalde, Wilson pozik agertu da Euskal Herrian
Gu ta Gutarrak zein Paya anaiekin batera emango dituen emanaldiak direla-eta. Bi gauza nabarmendu ditu horretarako, Argentinan dauden euskal jatorriko jende kopuru handia eta bertsolaritzari buruz duen interesa: "Bertsolari Txapelketaren finalaren bideoa azpitituluekin ikusi nuen eta Maialenek botatako bertsoak gaztelaniaz zuzenean entzungo banitu bezala sentitu nituen", esan dio Irutxuloko Hitzari. Wilson gitarraz lagunduta aterako da oholtzara eta Paya anaien bertsoekin osatuko dute emanaldia.