Begoñako gazteluan Barcelo Getxo hotela egiteko kontratua sinatu dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 6a, 21:34

Algortako Begoñako gazteluan, Arriluzeko ibiltokiaren aurrean, hotela egin eta ustiatzeko kontratua sinatu dute gaur Iñaki Zarraoa Getxoko jarduneko alkateak eta Javier Berastain Barcelo enpresako zuzendari nagusiak. Epeak betez gero, Barcelo Getxo hotela 2010ean zabal liteke eta 40 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da bertan. Ehun lanpostu zuzen sortuko ditu, udal iturrien arabera. Berastainek aurreratu duenez, "bost izarreko hotela izango da –kateak Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) duen ezaugarri hauetako lehena–, 152 logela, aretoetan 1.400 metro koadro, eta besteak beste, spa osasun zerbitzua –hoteleko bezeroak ez direnek ere erabili ahal izango dutela–, itsasora begira egongo den jatetxea, taberna-kafetegia eta 162 autorentzako aparkalekua". Bestalde, jarduneko udal gobernuak hartutako erabakien artean ere badaude Salsidun arrapala mekanikoak jartzeko lanak ematea eta Andres Cortina kalean oinezkoei lehentasuna emateko lanak abiaraztea. Argazkian, Begoñako gaztelua / Sotavento.

"Inguruarekin eta egungo eraikinarekin –kultur ondarea den etxearekin– bat etorriko da oso", Berastainen hitzetan. “Gure asmoa da, galerien itxura errespetatuta, fatxadako hormaren lerrotik atzera sartuta dauden lehioetan beira ipintzea, kanpotik emango duen itxura gaur egun galeriek duten bera izan dadin, fatxada errespetatzeko”, azaldu du. Ostatua Mallorkan jatorria duen katearen Premium adarrekoa izango da. Gaur egun, gela eta lanpostu kopuruari eta aretoen neurriei dagokienez "lehen lehena" da EAEn kate hau, aipatu dutenez. Zarraoa "pozarren" agertu da proiektuak dituen ezaugarriak direla-eta. Bere esanetan, “proiektua lagungarri izango da Begoñako gaztelua bezalako kultur ondare bat jagoteko, herriko enpresen jardun ekonomikoa eta soziala sustatzeko eta Getxoren izena nazioartean zabaltzeko”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun