Etxean ortu ekologikoa jartzeko ikastaroa antolatu du Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 7a, 20:53

Lur-zati bat daukaten txalet motako etxebizitzak, adosatuak, duplexak... gero eta ugariagoak direnez, eta horien jabe askok ortu txiki bat landu edo sortzeari buruzko interesa agertu dutenez, ingurumena gehiago errespetatuko duen teknika eta kontzientzia bultzatzen saiatzeko hastapen-ikastaroa egitea otu zaio Uribe Kostako Mankomunitateari. Ortu txiki bat sortzeko eta barazkirik ohikoenak lantzeko modua erakusten eta nekazaritza ekologikoaren galderarik oinarrizkoenei erantzuten saiatuko dira, agertu ahal diren arazo gehienak konpontzeko, tokiko iturriek azaldu dutenez. Ikastaroak hiru modulu teoriko eta praktiko izango ditu, 12 ordu iraungo du eta irail eta azaroan egingo da. Asteburuan emango da, ondoz ondoko ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 19:00etara ostiraletan eta 10:00etatik 12:00etara larunbatetan. Nahitaezkoa da Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Sopela, Urduliz eta Plentzia) erroldatuta egotea. Argazkian, tomate landarea / Escanda.

Zati teorikoa Mankomunitatearen instalazioetan emango da ostiraletan, eta zati praktikoa Urduliz udalerrian dagoen ortu partikular batean hurrengo egunean, larunbatetan alegia. Zati praktikoan landarako arropa eraman beharko da. Plazen kopurua mugatua izango da. Plaza horiek erreserbatzeko kontuan hartuko da izena emateko orria zein egunetan entregatu den. Izena emateko orria Mankomunitatearen web orrian (www.uribekosta.org) behera kargatu ahal da, edo bestela Mankomunitatearen bulegoan edo berori osatzen duten udaletako edozeinetan eskuratu. Izena emateko orri hau Mankomunitateko bulegoetan, soilik, entregatu ahal izango da.

Nekazaritza biologikoa

"Jada urte asko eman dira laboreetan nekazaritza industrializatu eta intentsiboaren aldean teknika biologiko edo ekologikoak lantzen; ez nostalgiara itzultzeko asmoz, baizik eta lurrak ematen dizkigun produktuak lortzean lurrari berari desoreka edo kalte larririk eragiten ez dioten teknikak berreskuratzeko, eta aldi berean barazki osasungarriago eta zaporetsuagoak lortzeko", azaldu dute mankomunitateko iturriek. Euren hitzetan, "nekazaritza biologikoak bizitzaren erritmo naturalak errespetatzen ditu, eta produktuen kalitatea nahiz pertsonen osasuna bilatzen ditu".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun