Espainiako Auzitegi Gorenak laster emango du ezagutzera Nikolas Oñate Plentziako jarduneko alkateak, bere garaian, Txipio Bairen kontra aurkeztutako demandaren gaineko ebazpena, El Correok aurreratutakoaren arabera. Gauzak horrela, bertan behera uztekotan, auziak eragin dituen gastuak "Oñaten bere poltsikotik ordaintzea" eskatuko du talde naturistak. 2003ko azaroan Isuskitzako II. poligonoaren birsailkapenaren kontrako salaketa jarriz -horren gaineko ikerketa eskatu zuten- eta hori iragartzeko emandako prentsaurrekoa eginez "bere ohoreari kaltea egin izana" leporatu zion Txipio Bairi udal agintariak. 2005eko hasieran, berriz, Getxoko 2. aretoko epaileak atzera bota zituen Oñate alkatearen argudioak eta 2004ko otsailaren 19an jarritako auzi-eskea. Alde batetik, salaketak jartzea eskubidea delako eta "epaitegietara jotzea" pertsonen ohorean "injerentziatzat ezin delako hartu". Beste aldetik, prentsaurrekoak burutzea "informazio eta adierazpen askatasunak" bermatzen duela gogoratu zuen epaileak. Prozesu-kostuak ordaintzeko ere agindu zion. Hori ezagututa Auzitegi Gorenera jo zuen tokiko agintariak. Argazkian, Nikolas Oñate Plentziako jarduneko alkatea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!