Selektibitatea desagertaraztea eskatu dute hainbat ikaslek Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 7a, 23:27

Gasteizen eta Ibaetan bezala, Erandio eta Leioako EHUko campusean ere atzo hainbat ekimen burutu ziren bihar bukatu den selektibitatearen aurka. Ikasle Abertzaleek egunotan jakinarazi dutenez, funtsean hiru izan dira selektibitateari egindako kritikak: "euskal ikasleok espainiar curriculuma barneratzen ditugula ziurtatzeko tresna" izatea; alor pedagogikoari erreparatuz, azterketak ikasitakoak baino azken egunetan memorizatutako kontuak neurtzen ditu "ikasleon kritikotasuna, sormena eta parte hartzea" alboratuz; eta, azkenik, "ikasleon sailkapen injustu eta onartezina" egiteko erabiltzen delako. Argazkian, 2005eko selektibitate azterketetan Zientzia eta Teknologia Fakultatean eskegitako "Bienvenidos a la selectividad española" (Ongi etorriak espainiar selektibitatera) zioen pankarta erraldoia.

Ikasle Abertzaleen oharra:

Atzo, Leioa, Ibaeta eta Gasteizko campusetan ekimenak egin ziren eta selektibitatearen aurkako irakurketa zabaldu zen. Gainera, Gasteizen eta Laudion kontzentrazioak egin ziren. Gaur, aldiz, Gasteizko kanpusean 30 bat ikaslek elkarretaratzea egin dute eta Ibaetan aireportuetan metalak detektatzen dituzten antzeko tramankulu bat ipini da, ikasleak kontura daitezen froga honek eraztun batetik pasatzera behartzen gaituztela.

Guzti honekin, ikasle abertzale eta ezkertiarrok, azterketa sistemaren adierazpide goren hau tinko salatu nahi izan dugu, azken urteetan egin izan dugun bezala. Izan ere, selektibitatea, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan egin beharreko baxoa bezala, ikasleon eskubideen aurkako eraso bidegabea dela uste dugu.

Lehenik eta behin, gure kultur eskubideak urratuz, euskal ikasleok espainiar curriculuma barneratzen ditugula ziurtatzeko tresna da selektibitatea. Hala, baxoarekin batera, selektibitateak euskal ikasleon desnazionalizatze prozesuan berebiziko papera jokatzen du, unibertsitatera sartu ahal izateko espainiar eta frantziar historia, hizkuntza, geografia? barneratzera behartuz.

Era berean, alor pedagogikoari erreparatuz, selektibitatea azterketa sistema basatiaren adibide gordinena dugu. Azterketa baten bidez urteetan ikasitakoa erakuts dezagun nahi omen dute eta hau, bistakoa denez, ezinezkoa da. Era honetan, ikasitakoa baino azken egunetan memorizatzeko eta hau azterketa batean azaltzeko gaitasuna neurtzen du, ikasleon kritikotasuna, sormena, parte hartzea? erabat alboratuz.

Amaitzeko, azpimarratu nahi genuke, azterketa honen bidez, gainera, ikasleon sailkapen injustu eta onartezina egiten dela. Hiru eguneko azterketa honetan ateratako notaren arabera mailakatzen baikaituzte ikasleok, nota honen arabera unibertsitate ikasketa batzuetako ateak itxiko zaizkigularik.

Eraso honen aurrean, dei egiten diogu euskal ikasleriari selektibitatearen aurka mobilizatzera; kultur eskubideen alde, hezkuntza prozesuan subjektu izateko eskubidearen alde eta hezkuntzarako eskubidearen alde eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde kalera irtetera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun