Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoetatik sarriena da gazte/helduen artean, Eugenia Epalza Fundazioko kideek azaldu dutenez. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2.000 inguru dira gaixoak eta sintoma sarrienen artean daude arazo sentsitiboak, orekarenak eta mintzairarenak, ikusmenaren eta urologia sistemaren alterazioak eta gorputzaren ahulezia eta kasu larrienetan paralisia. Hain zuzen, sendaezinezko gaixotasun neurologiko horrek eragiten dituen arazoak ezagutzera ematea eta errehabilitazio zerbitzuetarako dirua lortzea dira Kosta Trail lasterketaren eta aurten hamargarren urtea duen Busti Zaitez kanpainaren helburuak. Batetik, 1.400 lagun batu nahi dituzte kirol probak; bestalde EAEko 85 tokitan egongo da aurten esklerosi anizkoitzagatik "bustitzeko" aukera.
Metro batzuk
Busti Zaitez kanpainan parte hartzen dutenek metro batzuk igeri egin beharko dute hondartzan zein igerilekuan eta, egunaren amaieran, toki guztietan egindakoak batu egingo dira. Uribe Kosta eskualdean, Ereaga (Algorta), Arrigunaga (Getxo), Gorliz, Plentzia eta Arrietara-Atxabiribil (Sopela) hondartzetan eta Fadura (Algorta), Astrabudua, Erandio eta Sakonetako (Leioa) igerilekuetan jarri dituzte hitzorduak.