Gogorregi Bilboko konpartsa jeltzaleak makina bat jarduera prestatu du bihar Plentziako Astilleroan eta futbito zelaian jarritako karpan burutuko duen euskal jaiaren harira.
Bilboko Konpartsak erakundetik at dagoen Gogorregi konpartsan makina bat kide Uribe Kostakoak dira eta haiek bultzatu dute biharko festa, taldeak "Bilbon egiten dugun lana deszentralizatzeko eta eskualdeetara ere eramateko", Gogorregiko Iñaki Ozamizek UKBERRI.NETi azaldu dionez. Horregatik, hain zuzen ere, euskara eta euskal kultura eta ohituren aldeko eguna antolatu dute. Eguna goizeko 10etan hasiko da, Plentziako Astilleroan nekazaritza azokako 50 bat ekoizlek, gehienak Uribe Kostakoak bertakoak, euskal produktuak saltzeari ekingo diotenean. Ondoren, txikienen txanda izango da, futbito zelaian egingo diren hainbat jolas eta tailer tarteko. Eguerdian, berriz, euskal dantzak ikusteko aukera izango da Plentziako Kai-eder eta Algortako Itxartu taldeen eskutik. 14:30ak aldera, herri bazkaria egingo dute, 100 bat lagunek Gogorregiko sukaldarien paella dastatuko dutela, 10 euroko txartela erosita. Bazkalostean, Euskal Herriko kirol nazionalari ekingo diote, mus txapelketa eginez. Gaua, berriz, 20:30ean hasiko da, DJ festarekin. Gainera, egun osoan zehar, trikitilariek eta zintzurra bustitzeko txosnak girotuko dute. Gogorregikoek aitortu dutenez, Plentzia aukeratu zuten "herri lasaia, txikia eta aproposa" izateagatik "eta Plentziako hainbat kide bultzatuta". Argazkian, Gogorregiko hainbat kide Ibaizabalen gora eginez, bihar marinel-uria hartuko duen elastiko urdin-magentak soinean / Gogorregi
(cc).