Chicagon eman zioten bertako sari bat, oso lehia gogorreko txapelketan, besteak beste Otis Rush eta Magic Slamekin. Bere lehen kontratua sinatu zuen orduan, Artistic Recordsekin. 1960an Chess Records etxeak fitxatu zuen, eta Muddy Waters, Willie Dixon, Sonny Boy Williamson eta Little Walter bezalako blues legendekin aritu zen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan oso ezagun izan zen "publiko elektrikoaren artean", bereziki Junior Wellsekin bikotea osatu zuenean.
Buddy Guy bere estiloa zehaztuz joan zen, pixkana, "Chicago Blues" delakoaren aitetako bat bihurtzeraino. Ordutik musika genero honetako figurarik adierazgarrienetako bat da, eta eragin handia izan du Led Zeppelin edo The Rolling Stones banda historikoengan, bere konposizioak haien estilo eta musika eredu bitxiak garatzeko oinarri izan baitziren. Rolling Stones banda mitikoarekin hasierako modura jardun zuen, Europako bira batean, 1970eko hamarkadan.
Bizi bizi
Adinean aurrera doan arren, Buddy Guyk segitzen du kontzertuetan bizi-bizi agertzen, hasieratik amaierara arte elektrikoak diren kontzertuetan. Bere gitarra estilo bikainarekin osatzen ditu emanaldiak, artista jenial baten indar eta energiaz kantatuz, mundua bereganatuz, hasiera-hasieratik.
Motibazio etengabeak kontzertu bakoitzean gorago iristera bultzatzen du Louisianako gitarrista eta abeslaria, artista handia dela erakutsi guran. Zuzeneko kontzertuetan grinatsu aritzen da, eta Hendrix bezain indartsu agertzeko, B.B. Kingen pare punteatzeko, xume eta dotore, Hookerren kadentziarekin jotzeko, eta "esku motela" bezalako estiloen giro epelak lortzeko gai ere bada.
Bost Grammy Sari, eta 23 W.C. Handy Sarik adierazten dute zelakoa izan den artista handi honen ibilbidea; 2005eko martxoan ondo-ondo merezitako tokia lortu zuen Rock and Rollaren famaren aretoan. 40 urte luzeko karreraren ostean, Buddy Guyk blueseko maisua izaten segitzen du, ezbairik gabe.