Zabalketa elkarteak nazioarteko bi aditu bilduko ditu hilaren 13ean Algortako kultur etxean, Villamonten, merkatuen liberalizazioari eta herrien garapenari buruzko mahai-inguru batean parte hartzeko. Saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Horrela, Alfonso Dubois EHUko Ekonomia Aplikatuko Saileko irakasle titularra eta Ignacio Marco-Gardoqui Morgan Stanley-ko zuzendari exekutiboa dira mahai-inguruan parte hartuko duten bi adituak. Nork bere irizpidetik, ekonomiarik behartsuenetan munduko komertzioaren liberalizazioak dituen eraginak aztertuko dituzte. Amaia Goikoetxea Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakariordea datuak, argudioak eta iritziak moderatzen eta gidatzen arituko da, galdera nagusi bati erantzuteko asmoz: "globalizazioa herrien garapenerako eta munduan gosea desagerrarazteko benetako laguntza da ala herri aberats eta txiroen arteko desberdintasunak areagotzen ditu?". Argazkian, Zabalketako kideak Getxoko Bidezko Merkataritza Azokan / Zabalketa.