Zarata mugak gainditu dituzten ziklomotorren kopuruak behera egin du Getxoko Udalaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 9a, 14:38

Zarata mugak gainditu dituzten ziklomotorren kopuruak behera egin du "modu nabarmenean" azken hilabetean Getxo udalerrian, Udaltzaingoak era horretako ibilgailuak kontrolatzeko egin duen bigarren kapainaren emaitzen arabera. Bigarren kanpaina hori pasa den maiatzaren 14tik 27ra egin zen udalerri barruan nonnahi eta noiznahi. Guztira 119 motozikleta igaro ziren kontroletatik eta horietatik 16k baino ez zuten akatsen bat, hau da, %13ak. Zentzu horretan, Iñaki Zarraoa jarduneko alkateak adierazi duenez, “datu hauek onak dira, itxaropentsuak, pasa den apirilean egin genuen kanpainan arauak baimendutako zarata muga gainditu zuten ibilgailu hauen %34tik bigarren kanpaina honetan izan den %13ra jaitsi garelako. Jaitsiera oso esanguratsua da”. Argazkian, 2006ko urriaren 1ean hasi ziren udaltzainak ibilgailuen zaratak zigortzen.

Guztira, 22 salaketa aurkeztu dira udal arautegia hautsi duten 16 ziklomotorren jabeen aurka, ibilgailu batzuk akats bat baino gehiago zeukatelako.”Udaltzainek horietako 5 eraman dituzte udal gordailura, gainontzekoek berehala konpondu baitituzte zeuzkaten akatsak. Hauei itzuli zaie motozikleta”, zehaztu du Zarraoak. Jarduneko alkatea, halaber, "pozarren" dago ikuskatzea jaso duten 119 gidariek eta berauekin zihoazen beste 17 lagunek, guzti guztiek, kaskoa buruan zeramatelako. “Motorzaleen artean kaskoa erabili beharraren ardura, baita ibilgailuak konpondu beharrarena ere, handiagoa denaren seinale da hori. Uste dugu, hortaz, zirkulazioaren segurtasuna hobetzen eta motorren zarata gutxitzen ari garela”, aipatu du azkenik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun