Getxon argazki munduarekin zerikusia duten jarduerak sustatuko ditu Begihandik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 9a, 15:04

Begihandi UK aldizkariko lagunek sortu berri duten elkarteak Getxophoto jaialdia egiteko asmoa du datorren irailean. Horrek argazki munduarekin zerikusia duten kultur jarduerak herritarrengana eta publiko ororengana hurbiltzea du helburu eta, aldi berean, kalea gune publiko bezala aldarrikatzea, ahalik eta jende gehiagok erabil dezan, antolatzaileek adierazi dutenez. Jaialdiaren antolaketarako 60.000 euroko diru laguntza emango du Udalak, “egitasmo interesagarria delako eta gainera etorkizunean udalerriko kultur eskaintza izatera heltzea espero dugulako”, Iñaki Zarraoa jarduneko alkatearen hitzetan. Argazkian, Imanol Landa zinegotzia eta Jokin Aspuru UK aldizkariko zuzendaria, Iñaki Zarraoa jarduneko alkatea lagun zutela, artxibo irudi batean / Getxo.net.

Jaialdiak bi atal izango ditu. Lehenengoan, irudiak kalea "okupatu" egingo du eta horrela hilabete batez, hau da, irailaren 10etik urriaren 5era neurri handiko 20 erakusketa jarriko dituzte gune handitan, tartean Getxoko fatxadatan, erakuslehioetan, monumentutan, enparantzatan eta lorategietan. Bigarrena, datorren irailaren 13tik 16ra izango da eta epealdi horretan argazkiei lotutako ekitaldi desberdinak egingo dituzte, esate baterako, proiekzioak, tailerrak edo hitzaldiak. “Gure asmoa Getxophoto Euskadiko argazkirako erreferentea eta urteroko jaia izatea da, tokikoa eta nazioartekoa, gizarteak argazkira hurbiltzeko dituen ohiko eratako mugak apurtuko dituena. Lisboa, Paris, Hamburgo edo Belgrado hirietan ere egiten da eta gure herria bultzatzeko ekarri dugu”, esan du Jokin Aspuru Begihandi elkarteko kideak. Jaialdia antolatzeko argazkiaren munduko adituek eta argazkilariek osatutako batzorde aholkularia du Begihandik. Horien artean honako hauek daude: Alfredo Aldai EFE agentziako argazkilaria, Jose Ignacio Lobo Altuna "Diario Vasco"-ko argazki-editorea eta Alejandro Castellote PhotoEspañako zuzendari ohia eta komisarioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun