Ertzaintzak J.A.N. 40 urteko gizonezkoa atxilotu du Astrabuduan, genero indarkeria delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, igande gaueko hamar eta erdiak aldera, lagun batek ertzainei deitu zien, Josu Murueta plazako taberna baten barruan gizonezko bat emakumezkoa jotzen ari zela esateko. Heldu zirenean, agenteek deia egin zuenarekin hitz egin zuten eta gertakarian nahasitakoek tabernatik alde egin zutela esan zien horrek. Ertzainak bila hasi ziren eta Karl Marx kalean topatu zituzten minutu batzuk geroago. Emakumezkoak zenbait hematoma zituen aurpegian eta belarrian urradura. Anbulantzia bat bertaratzeko eskatu eta gero, J.A.N. atxilotu zuten, genero indarkeria delitu bat egitea leporatuta. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.