Portu Zaharreko jaietarako kartel lehiaketa abiatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 12a, 14:00

Portu Zaharreko Jai Batzordeak 2007ko jaietarako kartela aukeratzeko asmoz, kartel lehiaketaren 14. edizioa antolatu du. Lanak Algortako Villamonte kaleko kultur etxean aurkeztu behar izango dira uztailaren 4a epemuga izango dela. Irabazleak 300 euro jasoko ditu eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, bi lagunentzako asteburu bat Nafarroako Arantza herriko landa turismo etxean eta bi lagunentzako otordua Portu Zaharreko Jatetxe batean, hurrenez hurren. Kartelak bertikalak edo horizontalak izan daitezke, beti ere neurriak 58 x 45 zentimetro direla. Kartela egiteko sistema digitalik erabili bada (eskuz egin dutenak ez), CDa ere aurkeztu behar izango da. Kartelaren atzeko aldean ezizenen bat jarri beharko da, eta berarekin batera ezizen bera idatzita izango duen gutunazal baten barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa jarriko dira. Aurtengo Portu Zaharreko jaiak abuztuaren 9tik 12ra izango dira. Argazkian, horrenbeste ikusmin pizten duten antzarren jazoaldiak / portuzaharra's Fotolog.

Epaimahaia jai batzordeko kideek eta tokiko artistek edo aditu ezagunek osatuko dute. Lehiaketaren emaitzak uztailaren 21an egingo den sari banaketan jakinaraziko dira, arratsaldeko 8etan, Portu Zaharreko plazan. Bigarren eta hirugarren sariak epaimahaiaren oniritzia jaso eta sari banaketa ekitaldian bertan dauden kartelgileen artean zozketatuko dira. Ondoren, 8 kartel bilduko dituen erakusketa jarriko da Portu Zaharra tabernan.

Lehiaketan parte hartzeak jai batzordeari irudiak erabiltzeko eskubidea onartzea suposatzen du. Jatorrizko kartelak eta bestelako euskarriak bueltatu zaizkie egileei. Argibide gehiago portuzaharra[abildua]euskalerria.org posta elektronikoan eska daitezke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun