Uribe Kostako zinegotzien herena baino ez da emakumezkoa izango

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 12a, 15:15

Datorren larunbatetik aurrera, ekainak 16, Uribe Kostako 148 zinegotzien jesarlekuetatik (zerrenda pdf) 53, %35,81, baino ez dute beteko emakumeek. Izan ere, Parekidetasun Legeak alderdien zerrenda-egileekin egin du topo eta hauek leku onenetarako gizonezkoak lehenetsi dituzte kasu askotan. Horren adibide garbia Urduliz da, bertan hamaika zinegotzitik bat ere ez da izango emakumea, Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenda ilegalizatua onartu ezean. Baina, orokorrean EAEren 15 hautetsiek ez lukete gauza handirik aldatuko, haiekin emakumeen kopurua 55era, %37,16, baino ez litzateke igoko eta. Urdulizen ostean egoera okerrenak emango dira Barrikan (%22,22 ala %44,44 EAErekin) eta Plentzian (%27,27 ala %36,36). Aldiz, Berangok eta Gorlizek emakumezko hautetsien gehiengoa izango dute udaletxean, bietan 13 zinegotzietatik 7 andra izango direla. Gainera, Plentzia, Getxo, Gorliz eta Berangon, hitzarmen politikoen arabera, alkateak emakumeak izan daitezke: Isabel Zarauza (PI), Marisa Arrue (PP), Emma Calzada (GIG) eta Anabel Landa (EAJ, argazkian) hurrenez hurren. Azken horrek gehiengo osoa izango du Espainiako Alderdien Legeari jarraiki Hauteskunde Batzordeak emandako zazpigarren hautetsiari esker. Bestalde, Euskal Herriko Bilgune Feministak salatu du Hego Euskal Herrian alderdiek emakume gutxi aurkeztu dituztela zerrendetan eta, foru zerrendei dagokienez, jakinarazi du Gipuzkoako EAEk baino ez duela gainditu %50a.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun