Duda barik, talde sortu berriak ezagutzera emateko aukera bikaina dira maketa lehiaketak. Hala ere, Algortako San Inazioetarako aurkeztutako gehienak orain urte bat edo bi osatutakoak izan ez du esan nahi taldekideak esperientzia gutxi dutenik. Besteak beste, haibat taldetan ibiliak dira death metal doinuak gustuko dituzten Rise to Fall-ekoak edota "musika latza egiteko asmoz" batutako Sysmo laukotea. Hori esanda, larunbateko kontzertuan estilo oso ezberdinetako musika entzuteko aukera izango denik ezin da ukatu. Baina guztietatik baten bat nabarmentzekotan, El Proyecto Brundel-Mosca izenekoa. Beste zazpi taldeek rock, punk edo metal doinuan eskainiko dituzten bitartean, bossa, jazz, reagge, funk, elektro, pop, latin, sehaska kanta... estiloko abestiak jotzen dituzte azken hauek. Hizkuntzari dagokionez, talde bakarra izango dugu euskara hutsezkoa: Zaunka.
Taldeak banan banan:
Arritmia
Arritmia 2006ko otsailean jaio zen bere kideak Agüero (gitarra), Omar (bateria), Jono (baxua) eta Lopez (gitarra) zirelarik. Lopezek abesten zuen. Taldea rock eta punk bertsioak egiten hasi zen baxuak taldea utzi zuen arte. Orduan, kide berri bat sartu zen taldera: Eneko (abeslari eta gitarra). Egun hartatik taldea abestiak konposatzen hasi zen, bertsioak alde batera utzi zituztelarik. 2007ko ekainaren lehengo astean beraien lehengo maketa grabatu dute eta kontzertuak ematen hasiko dira laster. Euskaraz eta erderaz jotzen dute.
Bulletnoise
Bulletnoise 2004ko hasieran sortu arren, taldea ez zen guztiz osatu 2005ean David Celador (ahotsa) batu zitzaien arte. Berarekin batera, Ruben Domingo (lead gitarra), Hector Prieto (gitarra), Xabier del Val (bateria) eta Christian Avila (baxua) jotzen dute. Nu metal estilo moderno eta pisutsua jorratzen dute. 2008ko hasieran kaleratuko dute euren lehendabiziko lana Bilboko Rock Studios-en eskutik eta Carlos Creator produktoreak zuzenduta. Ingelesez jotzen dute.
Draa
Josu Tamayo (gitarra) eta Ederrek (baxua) erabaki zuten Draa metal taldea osatzea eta pixkanaka batu zitzaizkien besteak: Josu (gitarra), Iker (bateria), Edu (teklatua) eta Txipi (ahotsa). Gaur egun, “Riders of the desert” maketa dute eskuartean. Ingelesez jotzen dute.
El Proyecto Brundel-Mosca
El Proyecto Brundel-Mosca 2005ko udan sortu zuten kontzertu bakarra emateko eta, emaitza ona eman zuenez, aurrera jarraitzea erabaki zuten Amaia Sanchez-Guardamino Lopez (ahotsa), David Fernandez Florez (gitarra), Lluis Queralto Flores (baxua) eta Unai Arteaga Elorriaga (bateria) taldekideek. Aurrez erabakitako estilorik ez dute. Horrela, bossa, jazz, reagge, funk, elektro, pop, latin, sehaska kanta... estiloko abestiak ditugu euren errepertorioan. Erderaz zein ingelesez jotzen dute.
Entidad
Entidad taldeak 2006ko hasieran hasi zuen bere ibilbidea. Bermejo (baxua eta ahotsa), Infante (gitarra), Guti (gitarra) eta Tosuk (bateria) osatzen dute punk-hardcore estiloko musika egiten duen laukotea. “Arrinkonados” izeneko maketa grabatu zuten apirilaren 23an Berangoko Grabasonic estudioetan. Erderaz jotzen dute.
Rise to Fall
Rise to Fall 2006ko erdialdean sortu zuten hainbat taldetan ibilitako lagunek death melodikoa egiteko asmoz, baina beste estiloak baztertu gabe. Hugo eta Javier Quizical taldeko kide ohiak (gitarrak), Renato Beforceko kidea (bateria), Alain Zuldar eta Bioterror taldeetan ibilitakoa (ahotsa) eta Iñigok (baxua) bat egin zuten proiektu berrian, melodia eta abiada handiko kantuak sortuz. 2006ko amaieran demoa grabatu eta, izandako harrerari esker, maiatzaren 2an Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketan jotzea lortu zuten, Sanctrum suediarrekin batera, oihartzun handiagoa lortuz. Ingelesez jotzen dute.
Sysmo
Sysmo 2004eko irailean jaio zen, musika latza egiteko asmoz. Death metaltzat jo daiteke talde horren musika, baina eurek gustuko dute “ruido demente” edo “zarata eroa” deitzea. Hainbat taldetan ibiliak dira egun Sysmo osatzen dutenak: Iker “Gus” (gitarra), Autosekuestroko kide ohia; Borja (gitarra), Marea Negran ibilia; Kepa (bateria), Izarbaltzeko kide ohia; eta Patxi (baxua), Manguan taldean ibilia. 2005eko martxoan lehendabiziko maketa ekoitzi zuten: zuzenekoa, Pablo Kintanak bere ekipoarekin eta pazintzia handiz grabatua. Erderaz jotzen dute.
Zaunka
Zaunka rock-metal taldea da, zentzu orokorrean. Algortar bik eta galdakar batek osatzen dute: Alain (gitarra eta ahotsa), Aihen (baxua) eta Iñigo (bateria). Hainbat herri eta gaztetxetan jo dute, horien artean: Ondarru, Sestao, Basauri, Gasteiz, Bartzelona, Lisboa (azken bi hauetan lehiaketa bat irabazi ondoren), Elorrio eta Usansolo (2007ko talde lehiaketan bigarren saria irabaziz). Euskaraz jotzen dute.