Txotxongilo Eguna bihar arratsaldean abiatuko da, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako karpan, Jordi Bertran txotxongilolariaren eskutik. Gaueko 10etatik aurrera, artista katalanak bere azken ikuskizuna antzeztuko du: "Ofelia". Bertran maisu bilakatu da txotxongiloaren munduan. 1987an hasi zen bere jarduera publiko helduaren artean arte hori hedatzeko asmotan eta, ordutik hona, 30 herritan baino gehiagotan aritu da eta zenbait telebistatan aurkeztu ditu bere lanak.
Nork bere txotxongiloa
Larunbatean zenbait saio egingo dira jarraian Romon eta Areetan, 11:30etik 22:00etara. Gainera, txikienek Xake plazan eta Ibaiondo kalean kokatuko diren txotxongiloak egiteko eta makillaje tailerrez gozatu ahal izango dute. Eguna amaitzeko, Txotxongilo-Antzerkiaren II. Gala ospatuko da. Bertan UNIMA Euskal Herria elkartearen zenbait taldek parte hartuko dute. Azkenik, igandean, ikuskizunak 11:30ean hasi eta 20:00etan amaituko dira.