Ikerketa horren arabera, noizean behin agertzen diren pitzadurak edo galtzadaren hondatzeak kale azpian dauden hutsegiteek eta deformazioek eragiten dituzte. Eustormak ez duenez inolako arazorik eragiten, txosten honen arabera, alde hori guztiz berriztatzea proposatzen da. Lanek kalearen hondeaketa eta kale azpiko euskarri aproposa jartzea aurreikusten dute. Iñaki Zarraoak adierazi duenez, “zoru osoa, espaloiak eta galtzada aldatuko dira; saneamendu sarea berriztatuko da; errekaren eta kalearen arteko gunea babesteko baranda jarriko da; hiri altzari berriak ipiniko dira eta zuhaitzak landatuko dira”. Baranda errekatik metro erdira jarriko da; hortik bertatik 3,5 metroko erreia egongo da, etxebizitzen ondoan 2 metroko lerroan aparkatzeko gunea -Aurrezki Kutxa eta Ezekiel Agirre esparruan izan ezik, bertan baterian aparkatzeko lekua egongo baita- eta, jarraian, gutxienez 2,90 metroko eta gehienez 5,80 metroko espaloia (irisgarritasun irizpideak bete ahal izateko) izango da ere bai. Lan hauek zatika egingo dira, ibilgailuen zirkulazioarengan eragina gutxitzeko asmoz.
Getxoko jarduneko gobernu batzordeak Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalea –Itzubaltzeta gaztetxea dago bertan– berriztatzeko lanen proiektua onartu du. Hurrengo egunetan deituko da lehiaketa publikoa obra horiek egiteko; honen aurrekontua 1.120.000 eurokoa da eta egiteko epea 16 astekoa (beraz, 2008 urtearen hasierarako amaituta egon daitezke).