Leioako txosnak herrigunetik hurbilago izango dira aurten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 14a, 21:57

Azken asteotan izandako elkarrizketak direla eta, Leioako Udalak eta Maritxu Teilagorrik Ondizko Andra Mari aldapan, Ikea Barri plazaren atzealdean, txosnagunea jartzea erabaki dute, herritik gertuago. Gainera, akordioa hainbat urteetarako egin da, bertako jabearen borondate onari esker eta Udalak elkarrizketa hori indartu nahi izan duela. Gaur goizean Beñat Vidal Maritxu Teilagorri Leioako jai herrikoien aldeko elkarguneko bozeramaileak jakinarazi duenez, "herritarren, elkarteen eta koadrilen ahotsak baliogarriak izan dira, Maritxu Teilagorri eta Udala jesartzeko eta egoeraz hitz egiteko", akordio bat adostu arte. Izan ere, ohiko txosnagunean etxebizitzak eraiki egin zituztela, Maritxu Teilagorrik abenduan egindako balizko bost kokagune berrien proposamenei kasurik egin gabe, Udalak maiatzean erabaki zuen txosnak Skate parkera eramatea, eta toki urruna eta arriskutsua zenez, jai herrikoien aldeko elkarguneak ez zuen leku hori onartu. Udalari alternatiba berriak eman eta elkarrizketa bidezko irtenbidea eskatu zuen ordea. Azkenean, jarrera horrek bere saria izan du, orain dela bi urte bezala herritarrek txosnak Lamiakoko Darsenara erbesteratzea ekidin zutenean. Argazkian, Beñat Vidal txosnaguneko eszenatokia non jarriko duten erakusten.

Vidalen ustez, herritarren atxikimendua Maritxu Teilagorrik azken hiru urteotan "adin guztientzako jai herrikoi, parekide, euskaldun eta parte hartzaileen alde" egindako lanaren errekonozimendua da: "txosnagunea eta bestelako espazio ludikoak osagarriak egiteko eta, jaietan zein inauterietan edo udaberriko ikuskizunetan Leioako kolektibo, kuadrila eta elkarteei jaiak beren erakusleihoa egiteko hainbat bide emateko formularekin asmatu dugulakoan gaude".

San Juan jaiak eta Bilbao BBK Live Festival

Era berean, aurrerapusuak eman dira herriko jaiak defendatzeari begira. Maritxu Teilagorrik faltan bota izan du orain arte euskal ohiturei kasu egin gabe hainbat herrietako San Juan jaiak eklipsatu dituen Bilbao BBK Live Festivalen aurrean Leioako Udalak jarrera argia izatea. Baina, "behingoz jaialdi horri aurre eginez, Udalak txosnaguneari emandako dirulaguntza nabarmen handitu du kontzertu erakargarriagoak egin ahal izateko". Aurten, Maritxu Teilagorriko aurrekontua jaietan, 24.450 eurokoa izango da. Era berean, "Leioako Udalak emandako dirulaguntza nabarmen handitu ondoren", ohiko dirulaguntza gisa eta Live Festival dela eta ostiralean "kontzertu erakargarriagoak egin ahal izateko", guztira 17.000 euro jarriko ditu Udalak (%70,83), bestelako 7.450 euro txosnei esker ordainduko direla.

Beñat Vidalek azken asteotan izandako batzarren giro ona nabarmendu eta aurrerantzean Udala jarrera berbera izaten animatu du: "elkarrizketa bideak irekita daude eta espero dugu bide horretatik datorren urteotan jaiak guztion artean egin ahal izatea, adin guztientzako jai herrikoi, parekide, euskaldun eta parte hartzaileagoak izan daitezen".

Azkenik, egitaraua irakurri ondoren (ondoko fitxategian duzue), Vidalek azaldu du jaietatik kanpo "herri honetan hain famatuak diren jai aurrekoetan", asteburu honetako sukalki lehiaketan parte hartuko dutela, "koadrilen ekimena babestuz" eta jaietan ere, koadrilen bazkaria bultzatuko du Maritxu Teilagorrik.

Maritxu Teilagorri eta txosnagunearen egitaraua:

OSTEGUNA 21

* 21:00etan Koadrilen jaitsieraren ostean, Bulebarretik txosnetarainoko igoera, fanfarrea eta buruhandiekin.
* 21:30ean Pregoia, txupina eta txosnen irekiera Berbalamiñe euskara taldearen eskutik.
* 23:00etan Kontzertuak: FEOS PERO MAJOS + LAS FURIAS (Leioako nesken musika taldea).

OSTIRALA 22

* 19:00etan "Bertso kabareta" Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Ohiana Perearekin.
* 20:30ean Igela eta twister erraldoi txapelketa.
* 22:00etan Gazte afaria.
* 23:00etan Kontzertuak: ETSAIAK + SEXTY SEXERS + NO DRAMA.

LARUNBATA 23

* 14:00etan Bazkaria koadrilekin Barandiaranen.
* 17:00etan Umeentzako jolasak eta puzgarriak.
* 17:00etan Nekazari gazteen azoka.
* 19:00etan Akelarreko dantzarien triki-poteoa herrian zehar.
* 22:00etan Sardinada herrikoia.
* 00:00etan San Juan Gaueko AKELARREA.
* ondoren kontzertua: KANDELA TALDEA (Flamenko fusion)
* Goizaldean Txokolatada

IGANDEA 24

* 18:00etan Herri olinpiadak.
* 20:00etan Kontzertua: KARIDADEKO BENTA.
* 21:30ean Afari merienda.
* Ondoren, Jaiak amaitzeko ur guda.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun