Metroak instalazioak eta trenak erabiltzen utzi eta informazioa emango dio Ertzaintzari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 15a, 14:30

Jorge Aldekoa Ertzaintzaren Bizkaiko buruak eta Rafael Sarria Metro Bilbao enpresaren zuzendari nagusiak sinatu dute bi erakundeek segurtasun arloan koordinazioa handitzeko hitzarmena. Ekitaldia gaur egin da Bilbon, metroaren egoitzan, eta horren bidez 2003ko protokoloa luzatu eta indartuko da. Besteak beste, Metro Bilbaok instalazioak eta trenak erabiltzen utziko dio Ertzaintzari, bere langileak prestatzeko ariketak egin ditzan, "ertzainak metroan gerta litekeen ezeren aurrean etengabe egunean egon daitezen eta hobeto ezagut dezaten lortzeko". Beste puntu nagusiak prebentzioa, prestakuntza eta informazioaren trukea izango dira. Gaur sinatutako hitzarmenean lau urte hauetako esperientzia pilatzeaz gain, Metro Bilbaoko "erabiltzaileen eta langileen segurtasuna areagotzeko", tren enpresaren eta Ertzaintzaren arteko informazioa "arin" joateko neurriak ere aurreikusten dira. Horrek, Metro Bilbaok zabaldutakoaren arabera, ahalbidetuko du bi erakundeek "hobeto" planifikatu ahalko dituztela metroaren egoitzetan "gerta litezkeen ezbehar eta gorabeherak azkar eta eraginkortasunez konponduko badira". Argazkian, ertzainak Bilboko Zazpi Kaleetako metro irteeran Unamuno plazako Zazpikatu gaztetxea desalojatu zuten egunean / Gaztesarea.

Prebentzioari dagokionez, Ertzaintzak bere prebentzio ekimenak planifikatuko ditu, eta Metro Bilbaok, berriz, bere zerbitzuak sendotu, informazio trukearen eta, "beren izaerarengatik, pertsona zein ondasunentzat arriskutsuak izan litezkeen alterazioak sor litzaketen unean uneko ekitaldi edo gertakarien arabera". Jarduera "arriskutsu" horien artean Ertzaintzak eta metroak "herrietako jaiak, kontzertuak, manifestazioak eta elkarretaratzeak" kokatu dituzte. Bestalde, ezbehar eta istripuei buruzko azterlanak ere kontuan hartuko dituzte.

Koordinazioaren jarraipena Ertzaintzaren eta Metro Bilbaoren solaskideen arteko harremanen bidez egingo da, gutxienez hiru hiletik behin bilduko direla bi erakundeak.
Era berean, Ertzaintzak Metro Bilbaori lagunduko dio bere langileei eta segurtasun enpresetakoei erabiltzaileen babeserako eta segurtasunarekin zerikusia daukaten gaietan prestakuntza ematen. Besteak beste, lineako langileei nork bere burua babesteko gomendioak ere azaldu eta irakatsiko zaizkie. Metro Bilbaoren arabera, herritarrek metroko segurtasunaz duten pertzepzioa 10etik 8koa ei da. Baina, "hobera egiten ez duenak txarrera egin lezakeelako filosofiaren haritik", erakundeak segurtasun alorrean etengabe "hobetzea" nahi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun