Xirikaren prentsa oharra:
Hiru urte bete ditu Xirika gazte kazeta nazional euskaldunak eta berritze prozesu batean sartua da (www.xirika.com). Joan den otsailetik hiru hanka eraikitzen ibili da: Xirika.com weborria, Xirika FZN astekaria eta Xirika KZ hilabetekaria. Oraindik webgunea ez da berritua eta azken bultzada bat emateko, Xirikak jai bat antolatu du, jendearen sostengua jasotzeko. Sostengu morala eta diruzkoa. Jai hori ekainaren 16an izango da, Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan, arratsaldeko 5etatik aurrera.
Hala ere Xirikak ez du jaia huts-hutsik eskaintzeko ohiturarik. Jendeen parte-hartzea, gazteok ditugun arazoen kontzientzia hartzea eta musika talde gazteen ezagupena bultzatzeko asmoa du. Gisa horretan, ekainaren 16ko ekimenean, musika, eztabaida eta gira herrikoia uztartuko dira Zarautzen.
Arratsaldeko 5etan, Sextabaidaren 3. fasea izango da. Bideo baten ondoren, kontral elementuei buruzko tailerra izango da. Sextabaidari buruzko informazio gehiago lortzeko: www.sextabaida.net.
Arratsaldeko 7etan, berriz, Hamaika Bertuteren eskutik(www.hamaikabertute.net), bertso-poteoa abiatuko da herrirantz. Uxue Alberdik eta Xamoa bertsolariek botako dituzten bertsoei esker, Xirika herritarrengana iritsiko da eta bere umorea kutsatuko die.
Xirikaren eraginpean izango direnek gaztetxean jarraitzen ahalko dute jaia. Lehenik tripa ondo betez, afari-merienda bat izango baita (3 eurotan) eta ondoren, kontzertuak entzunez (4 euro). Gaueko 10etatik aurrera, Nuuk At, Izaera eta Itaka talde gazteek joko dute. Xirikaren Entsegu Lokala (www.gaztesarea.net/musikale) ataletik pasa diren talde horiek jo ondoren, disko jartzaile batek amaituko du jaia.
Topagunearen prentsa oharra:
Zazpi Kale kultur Topagunea
Ekainaren 16ean, Bilboko Zazpi Kaleak, euskarazko kultur sorkuntzaren topagune bihurtuko dira. Zazpi gunetan banatuko da egun osoan zehar kultur eskaintza. Euskaraz egiten den kalitatezko kultur sorkuntza oparo eta anitza dagoela erakutsi nahi du Topaguneak kalean, berezko kulturgunea den Bilboko Zazpi Kaleetan.
Ekainaren 16an goiz eta arratsaldez izango dira emanaldiak Bilbon. Goizean Plaza Berrian haurrei zuzendutako tailer eta jokoekin batera musika izango da. Arratsaldean, sei eskenatokik eta kale antzerkiak beteko dituzte Bilboko kaleak. Sei eskenatokiotan haurrentzako eskaintza, bertsolaritza, musika, literatura, dantzak eta antzerkia uztartuko dira.
Topagunea 10. urteurrena ospatzen du aurten eta ekitaldi hau ospakizun ekitaldien artean kokatzen da. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…
Euskara elkarteek eta Topaguneak urtetan zehar antolatu duten kultur eskaintzaren erakusgarri izan nahi du Bilbon antolatutako ekitaldiak. Horrela, formatu txikiko kultur ikuskizunez osatutako Kultur Errotak hamargarren edizioa betetzen duen honetan Topaguneak kalera atera nahi ditu normalean areto itxietan egin ohi diren emanaldiak. Hamar ediziotan 1.300 emanalditik gora antolatu dituzte euskara elkarteek Kultur Errota zirkuituaren baitan.
Ekainaren 16ko ekitaldia antolatzeko Bilboko udalaren babesa eta BBK, Metro Bilbao, "Berria", "Gara", "Deia" eta "El Correo"ren laguntza izan du Topaguneak.
Eguneko programa ondokoa izango da:
Goizeko 11,30etatik aurrera, Plaza Berrian:
Puzgarriak eta tailerrak, Txatxilipurdi eta Txantxikuren eskutik
12,30etan: Xilipurdi taldearen eskutik Gaur Jaia ikuskizuna
Arratsaldeko 5,30etatik aurrera:
Plaza Berrian, haurrentzako ikuskizunak
17,30etan: Zirika Zirkus
18,30etan: Alain magoa
19,30etan: Kiki eta Koko pailazoak
Unamuno Plazan, musika:
17,30etan: Txuma Murugarren
19,15etan: Piztiak
20,45etan: All Jazz Era
Posta kalean, musika:
17,30etan: Malatu
18,30etan: Maixa
19,30etan: Morau
La Bolsa eraikinaren atzetik, kale antzerkia:
17,30etan: La Resisstens taldearen ikuskizuna abiatuko da
Zamudioko atarian, antzerkia eta bertsolaritza:
18,30etan: La Resisstens taldearen Bräkala ikuskizuna
19,30etan: Zazpi Astoren Gainean bertso eta musika
Santiago Plazan, antzerkia eta dantza
17,30etan: Ane Monna, Oskola eta Karramarroi, Amama Pantxikaren Altxor Ezkutua lanarekin
19,30etan: Erdizka Lauetan
Bidebarrieta kalean, literatura eta musika
17,45etan: Mugaldekoak
18,45etan: Mikelazulo