Joan den maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan aurkezteko aukera ukatu zitzaion Getxo udalerriko EAEri. Hala ere, hautes-mahaietan egoteko konpromisoa bete, eta horren ondorioz 3.245 getxoztarrek sartu zuten euren boto-papera hautes-kutxetan. Duela lau urte Getxo Bizia ezker abertzaleko herri plataformak lortutako emaitzekin alderatuta, botoetan %18 gora egitea esan nahi du horrek, abstentzioa handiagoa izan den eta gainerako alderdi guztiek botoak galdu dituzten hauteskunde batzuetan (aurrekoan lehiatu ez ziren Berdeak kenduta). Jasotako boto horien arabera, EAEk zinegotzi bi izan beharko lituzke. Hautagaitza legez kanporatua izan ez balitz, zinegotzi horiek modu automatikoan eskuratuko lituzkete. Baina kanporatuak izan ostean, beste alderdi batzuek aukera dute, orain, postu horiek hartzeko: EAJk eskuratuko luke bata, eta PPk bestea.
"Horrela eginez gero, bistan da osatuko litzatekeen udalbatzak ez lituzkeela getxoztar guztiak ordezkatuko: boto emaileen %8 utziko luke ordezkaritzarik gabe, Espainiako Conde Pumpido fiskalburuak 'hauteskunde-Guantanamo' gisa definitu zuena egia bihurtuz", nabarmendu du Amezagak. Izan ere, getxoztar horiei inongo epaik ez die ordezkatuak izateko aukera kendu, haiek botoz hautatutako pertsonei inongo epaik ordezkari izateko aukera kendu ez dien bezala. Getxoztar diren neurrian, "ordezkatuak izateko eskubide osoa" aitortu die EAEko hautetsiak. Hain zuzen, hori ez onartzea (esanez zein ekintzez) demokraziaren beraren lehen printzipioa "ukatzea" dela salatu du Amezagak: hots, pertsona bat, boto bat.
Prozedura
Egoera honen aurrean badago "legezko bide bat", EAEko ordezkariaren hitzetan, "herritarren borondatea aintzat hartu eta udalbatza jasotako botoen arabera osatzea ahalbidetzen duena". LOREG (Ley Organica del Reglamento Electoral General delakoa) legearen 182.2 artikuluak horretarako bidea ematen du. Funtsean, honela aplikatuko litzateke prozedura:
- Legez kanporatzearen ondorioz botoek emandakoak baino zinegotzi gehiago eskuratzeko aukera lukeen alderdiak (kasu honetan EAJk eta PPk) bere-bereak soilik dituen postuak hartuko lituzke. Hortik aurrerako zerrendakide guztiek errenuntzia egingo liokete ez dagokien postua hartzeari.
- Hautes-zerrenda horretako kide guztiek errenuntzia egin ostean, alderdi horren arduradun juridikoak zerrendan ez zeuden pertsona berriak izendatuko lituzke Hauteskunde Batzar Zentralaren aurrean, legeak aitortzen dizkion postuak betetzeko adina. Pertsona horiek izango lirateke, hain zuzen, baliogabetu nahi ziren zerrendetako pertsonak. Kasu honetan, EAJko zein PPko hautes-zerrendako lehen bederatziek kargua hartuko lukete, eta hamarretik aurrerakoek errenuntzia aurkeztuko. Horren ostean, alderdi horietako arduradunek EAEren zerrendako lehen bi postuetako pertsona bana izendatuko lukete, zinegotzi izateko.
- Prozedura burutzeko, "beste inoren onarpenik ez" du behar alderdi bakoitzak, Amezagak aipatu duenez. "Bere borondatea nahikoa da, bidea gauzatzeko", gaineratu du.
- Behin prozedura burututa, dagokion alderdiko ordezkarien artean bajarik egonez gero, prozedura bera erabiliz estaliko litzateke.