Getxoko Udaltzaingoak matrikulak identifikatzeko eta txarto aparkatuta dauden ibilgailuak salatzeko sistema eramangarria estreinatu du gaur goizean Aiboako Udaltzain-Etxean, argazki eta informatika sistema hau daroan autoa kaleratzen. Sistemak 52.000 euroko kostea izan du eta bi argazki kamera ditu. Batak, zuri-beltzezko eta (gauez) infragorrizko argazkiak ateratzen ditu txarto aparkatuta (bai bigarren ilaran, bai elbarrituentzako aparkalekuetan edo taxi eta bus geralekuetan) dauden autoen matrikulak hartzeko. Bigarren kamerak, bereizmen handikoa dela, ibilgailuaren egoeraren eta dagoen inguruaren kolorezko argazkia ateratzen du. Sistemaren atalik berritzaileena da, Jardunean dagoen Getxoko alkate Iñaki Zarraoak azaldu duenez. Izan ere, matrikula baten argazkia bere elementu digitaletan, zenbaki eta hizkietan, banatzea ahalbidetzen duela, eta horri esker “Udaltzaingoaren datu basetik ibilgailuaren, bere jabearen, eta abarren gaineko informazioa atera daiteke”. Zentzu honetan, jarduneko alkateak nabarmendu duenez, beste Polizia batzuk ere ibilgailuen gaineko informazioa sartu ahal izango dute, nahi izanez gero, Getxoko Udaltzaingoaren datu basean.