Gaur goizean Plentzian eta Gorlizen egindako udalbatzek emaitza antzekoak eman dituzte: EAJri aulkiak kendu eta emakume alkate berriak aukeratu dituzte, Isabel Zarauza plentziarra eta Emma Calzada gorliztarra, biak ala biak talde independenteena. Bi batzarretan, inork ez dio kasurik egin Eusko Abertzale Ekintzako kideei Espainiako Alderdien Legea alboratzeko eta haiek jasotako botoak onartzeko eskatzean. Izan ere, Plentzian, astirik ere ez dute izan Ima Agirre EAEko kideak irakurritako testua entzuteko. Udalbatzak hiru minutu baino ez duela iraun, zinegotzi "legalen" artean eserita egon den Agirrek hitz egiten zuen bitartean, bozketa egin dute.
Plentziako Independenteetako Isabel Zarauzak bost boto jaso ditu eta Nikolas Oñatek lau, bi zuri ere egon direla. EAJko kideek jakinarazi dutenez boto zuri bat Nikolas Oñate jarduneko alkateak emana izan da, atzoko Uri Batzarrean adostu bezala, eta legokeena bestea PPko ordezkariarena izatea. Gauzak horrela, Isabel Zarauza da alkate berria bere zerrenda bozkatuena izan zelako. Zarauzak guztiekin lanean aritzea saiatuko dela eta elkarrizketa eta parte hartzea sustatu nahi duela esan du. EAEk gogoratu du haiekin ere lan egingo duela agindu zuela hauteskunde kanpainan zehar. Argazkian Plentziako Independenteak.