Getxoko udal gobernuan EB soberan egotea bere "huts egitearen" sinboloa da Berdeen ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 16a, 00:12

Berdeak alderdiak Getxo udalerriaren egoera politikoari buruzko balorazioa egin du, EAJ eta EBrentzat kritika gogorrak eginez. Bihar zer alkate aukeratuko den zain, Berdeek uste dute EAJk osatuko duela gobernu hori PSE-EEren babesaz. Ekologisten aburuz, joan den legealdian Getxoko Udal Gobernuak "jarrera larderiatzailea", ingurumenarekiko eta bizi-kalitatearekiko "axolagabea" eta Getxoko auzokide askoren interesen kontrakoa izan ostean, gobernu berria "kontinuista" izango da, "desiatzen dugun alternatibatik oso urruna". Kasu horretan PP eta PSE-EEren arteko balizko koalizioa "gaitzerdi" ikusiko lukete Berdeek, "bi alderdi horiek ideia ekologistak ez izan arren, bide horrek abantaila handia eta ia bakarra luke: alderdi beretsuen eskuetan garai luzeegia eman duen udalaren alternantzia". Edozelan ere, eta Berdeek emandako balizko egoeren arabera, Ezker Batua ez litzateke Udal Gobernuan egongo, "alderdi horren huts egite estrategiko eta ideologikoaren ikur nagusia" dena. Berdeen ustez, EBk ezin du ordezkatu Getxok behar duen "alternatiba ekologista eta eraldatzailea Andra Mariko hirigintza planari emandako baldintzarik gabeko babes ulertezinaren ondoren". Bestalde, Getxoko Berdeek egunero lan egiteko konpromisoa hartu dute jasotako botoen %3rekin hitza betetzeko. Argazkian, Peru Gaminde Getxoko Berdeen zerrendaburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun