"Getxoko herritarrentzat eta Getxoko herritarrekin" lan egingo du Landa alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 16a, 17:00

Ezusterik gabe, aurreko egunotan idatzitako gidoia bete da gaur goizean Getxoko udaletxean eta Imanol Landa izendatu dute. 7:40ean, Eusko Abertzale Ekintzako 50 bat lagunek ekin diote "Getxon EAEk 3.247 boto, zinegotzi 2" lelopeko kontzentrazioari, udaletxeko inguruetan eta barnealdean makina bat ertzain eta udaltzain zeudela. Segurtasun neurri gogorren artean, berriz, Udalbatza egin da 8etan. Une horretan jakin da Ines Trincado hautagai jelkideak uko egin diola jesarlekuari, EAEk eskatzen duen jesarlekuetariko bati, hain zuzen ere. Alabaina, Alvaro Gonzalez zerrendako hurrengoak hartu du bere kargua. Josu Amezaga Eusko Abertzale Ekintzako ordezkariak hitza hartzen saiatu duenean, udaltzainek kanporatu dute. Ondoren, Getxoko PSE-EEk (4 zinegotzi), alderdiko exekutibari men eginez, zuriz bozkatu du, EAJ (10) eta PPren (10) arteko berdinketa erraztuz. Zerrenda bozkatuena izateak eman dizkio Imanol Landa jelkideari alkatetza, agin makila eta herriko domina. Behin alkate izanda, "Getxoko herritarrentzat eta Getxoko herritarrekin" lan egin, elkarbizitza eta euskara sustatu eta "bortxakeria terroristaren biktimei" zein "mehatxatutako zinegotziei" elkartasuna izatea agindu du Landak. Beste alderdi "legal" guztiek oposiziotik lan egingo dutela argitu dute eta EAEk bere bi hautetsiak aldarrikatuko dituela berretsi du. Argazkian, Landa aginte makila eta udal dominarekin / Getxo.net.

Udalbatza aretoa bete egin da, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia, Iñaki Zarraoa jarduneko alkatea, Joserra Bilbao EAren zerrendaburua, Guzman Aranaga eta Aitor Lafuente zinegotzi ohiak eta EAJren eta PPren militante ezagun asko bertan izan direla haien alderdiek gonbidatuta. Gonbite txartelik ez zuten herritarrak kanpoan gelditu behar izan dira, udaltzainek eta ertzainek bidea moztuta.

EAEko hautetsiak, kanporatuak

Zinegotzi berrien artean adin nagusiena eta txikiena dutenek osatutako Adineko Mahaia, kasu honetan PSE-EEko Jose Luis Camara Ricondo, PPko Raquel Gonzalez eta Ignacio Etxebarria udal idazkaria, osatu ostean, Hautes Batzordeak Espainiako Alderdien Legearen arabera onartutako 25 zinegotziek Espainiako Konstituzioa betetzeko zin egin edo beren hitza eman dute. Jeltzaleek "legeak horrela aginduta hitza ematen dut" erako euskarazko esaldiak erabili dituzte. Iñaki Urkiza Ezker Batuko zinegotziak, berriz, "Errepublikaren agindupean eta legeak horrela aginduta hitza ematen dut" esanez egin du aurrera. PSE-EEkoek gazteleraz hitza eman dute eta PPkoek zin egin dute, haietako kide batek, Juan Luis Egiluz, euskaraz egin duela. Ondoren, Josu Amezaga Eusko Abertzale Ekintzako hautetsiak besoa altxatuz hitza eskatu dio Mahaiari, baina Camarak isilik egoteko agindu ez ezik udaltzainei esan die Amezaga kanporatzeko. Erresistentziarik egin gabe Amezaga eta Mari Espe Fuertes EAEko beste hautetsia eraman dituzte udaletxearen kanpoalderaino.

PP bakarrik gelditu da "aldaketa" eskatuz

Geroago, alkatea izendatzeko sekretupeko bozketa abiatu baino lehen norberaren hautagaitza defendatzeko aukera izan dute hiru alkategaiek, hau da, Imanol Landa, EAJren aldetik, Marisa Arrue PPkoa eta EB-Aralar koalizioko Iñaki Urkiza, azken orduan Luis Almansak bere hautagaitza atzera bota ondoren. Arrue izan da bakarra hitza hartzen eta salatu du maiatzaren 27an getxoztarrek "oposizioari bi zinegotzi emanez eta hiruko gobernuari kenduz heldutasun demokratikoz aldaketa eskatu" arren ez dela azkenean alternatibarik egongo. Arruek nabarmendu du "lehenengo aldiz gure udaletxean eman daitekeela gobernu-hautabide ez nazionalista" eta azken saiakera egin du PSE-EEko "adiskideei" botoa eskatzen "Getxo libreago eta anitzago baten alde". Alferrik, baina. Zenbaketa eginda, berdinketa suertatu da Landa eta Arrueren artean 10 botoekin, Urkizak boto bakarra, berea, baino ez du eskuratu eta PSE-EEko sei kidek zuriz bozkatu dute.

Hortaz, eta EAJko zerrenda bozkatuena izan zenez, Imanol Landa izendatu dute alkate berria. Orduan Espainiako Erregeari leial izatea eta Espainiako Konstituzioa betetzea eta betearaztea onartu du Landak lehengo "legeak horrela aginduta hitza ematen dut" esaldiaz. Ondoren, Iñaki Zarraoa gaur arte Getxoko alkatea izandakoaren eskutik domina eta makila jaso ditu eskuetan. Joan den udal hauteskundeetan EAJri botoa eman ziotenei eskerrak eman ondoren, Landak euskaraz eta gazteleraz egindako adierazpenetan hitzeman du “elkarbizitzaren alde, ideia desberdinak dituenari errespetoa izatearen alde, enpatiaren alde, elkar ulertzearen alde eta desberdinak direnen akordioa egitearen alde. Azken finean, guztion arteko lanaren aldeko esfortsua egitea, batu egiten gaituena desberdindu egiten gaituenaren gainean jarriz, krispazio gutxiago sortuz eta elkarrizketa gehiago eta lan gehiago positiboki eginez, guztioi, udal gobernuari eta oposizioari, udalerria hobetzek, gure auzotarren bizitzarako baldintzak hobetzeko eta aldi berean bere eskari eta beharrei egoki erantzuteko helburu bateratu batek elkartu behar digulako”.

Jose Antonio Agirre gogoan

Alkate berriak erronka garrantzitsuak gogora ekarri ditu, besteak beste, etxebizitza izateko aukera, gizarte mailako politikak, sustapen ekonomikoa eta etorkizuneko Getxoko hiri bilakaeraren definizioa, eta “berme osoz aurre egiteko, EAJtik naturaltasunez bat egingo dugun Udal Gobernu taldearen lidergo sendoa beharrezkoa izanik, baina hemen ordezkapena duten gainerako alderdi politikoen ekarpenak eta konpromisoa behar izango ditugu. Areto honen matematikak horrela adierazten digu baina, batez ere, bere arazoei erantzunak eta konponbideak eskatzen dituzten gure auzotarrek exijituko dute, bakoitzaren estrategia politikoen gainetik...Nire eskua, beraz, luzatzen diet memento honetatik ildo honetatik Getxoren alde lan egin nahi duten alderdiei, are gehiago bere erantzunaren zain nago laister baino beranduago izango delakoan nagoelarik”. Bide horretan, Jose Antonio Agirre Getxoko alkate eta Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria izan zena erreferente gisa izango duela agindu du, bere abertzaletasuna eta eta elkarrizketarako prestutasuna goraipatu ostean.

Biktimen gaia Bozeramaileen Batzarrak hartuko du bere gain

Euskarari dagokionez, Landak agindu du bere normalizazioaren aldeko "apustu garbia eta sendoa" egingo duela, udaletxean zein kalean eta ezeztatu du hizkuntzak kolore politikorik izatea.

Bestalde, Getxoko alkate berriak bere agerraldia amaitu nahi izan du ETAren su etenaren apurketaren egoeraz hitz eginez eta bere jarrera gogoratu nahi izan du esanez “EAJk betidanik mantendu duena da. Alde guztien indarkeriaren gaitzespena. Aktiboki eta pasiboki ETAren desagerpena exijitu duen euskal gizartearen borondatearen errespetoaren exijentzia eta elkarrizketa gatazken konponbide formula gisa; gizabanakoen oinarrizko eskubideen errespetoaren aldarrikapena eta defentsa, lehenengotik azkenera arte, azken batez, eskubide guztiak gizabanako guztientzat, jakina, gainontzekoen gainetik oinarrizkoa eta funtsezkoena dena, bizitza eskubidetik hasiz. Zentzu honetan, beste behin ere, alde guztietako indarkeri terroristaren biktimenganako gure errekonozimendua erakutsi nahi dut eta bere familienganako gure elkartasuna ere. Baita udalbatzaren indar politiko guztien arteko akordioa bultzatzeko ere gure konpromisoa hartu nahi dut gai honi aurre egiteko, bat-etortze moduan. Hori dela eta, Bozeramaileen Batzarra deituko dut guztion artean honen inguruan lan egiteko eztabaida-lekurik egokiena delako uste dudalako. Udalbatza honetan mehatxaturiko zinegotzi guztiei nire babesa eta elkartasunik zintzoena ere adierazi nahi diet...”. Ekitaldiari txistulariek eta dantzariek egindako ohorezko aurreskuak eta "Gora ta gora" ereserkiak amaiera jarri diote.

Oposizioa berrantolatzen

Udalbatza bukatuta, Luis Almansak agertu du bere etsipena "herriak nahi duena" ezin izan duelako bozkatu eta kanpainan auzokideei esan ziena 20 egunotan haizeak eraman duelako. Hori justifikatzeko "ehun urtetik gorako" PSOEren "seriotasuna eta erantzukizuna" erabili du, "gustatu ez arren, alderdiak dioenari men egin behar diogu. Honek ez du istilurik sortuko Getxoko PSE-EEn. Oposiziotik auzokideen alde lan egingo dugu".

Beste era batez ikusi du gaurko jokaldia Marisa Aurre PPren alkategai iraunkorrak: "nazionalismoaren agindupean jarri den eta ausardia izan ez duen PSOE baten erruz, aldaketa gabe gelditu gara. Niri, getxoztar gisa, pena ematen dit". Baina, gauzak horrela ere, "bihartik aurrera" Getxo "libreago eta anitzago baten alde" lan egingo dutela ziurtatu du. Arrueren aburuz, alkatearen diskurtsoa "orain dela lau urteko berdintsua" izan da. Dena den, argi utzi du PP "guztiekin akordioetara heltzeko" asmoa duela "getxoztarron bizi kalitatea hobetuko badugu".

Iñaki Urkiza EB-Aralarreko zinegotziak, berriz, Udal Gobernutik kanpo kokatu du jada bere burua, koalizioak lortutako emaitzek ez baitute balio horretarako. "Orain, lan egitea, besterik ezin dugu egin. Getxoztarren agindua izan da alderdi politiko ezberdinen artean lan eginez adostasunetara hel gaitezen eta horretan saiatuko gara".

Josu Amezaga EAEko hautetsiak nabarmendu du ez dela borondate politikorik egon herriaren nahia errespetatzeko ezta hitza ere entzuteko eta prozesu demokratiko baten bidean udal demokratikoak behar izango direla. Horregatik, eta "gure eskubidea delako, 3.247 getxoztarrek emandako bi zinegotziak" aldarrikatzen jarraituko dute, Azkoitian bezala LOREG legearen 182.2 artikuluaren aplikazioa proposatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun