Herritarren aurrean garbitu dituzte arropa zikina ezkerreko alderdi guztiek eta horrela orain arteko negoziazioen zehaztasun gehienak ezagutu ahal izan dute auzokideek. Esate baterako, Juan Ignacio del Vigo zinegotzi berdeak Ezker Batuari eta, zehatzago, Juan Vicente Ojinagari leporatu dio Garairekin akordioetara heldu izana, besteei sostengua ukatuz eta EBk ez bilatuz Imanol Garairen jarraipena ziurtatu dutelakoan. Ojinagak ukatu du hori, baita atzo Berdeek 9etan burutu den txistukada iragartzeko jarritako karteletan idatzitako antzeko argudioak.
EAEk bere aldetik jakinarazi du mahai gainean jarri zuen guztia alternantzia bilatzeko: EAE, EB-Aralar, EA eta Berdeen udal gobernua, non alkatetza EAE eta EBren artean txandakatuko zuten, bakoitzak bi urtez aginte makila hartuta. Aukera hori, kide federalista bat Txilera joan denez eta EBk ez duenez ordezkatu, gaur ezinezkoa zen. Bestalde, Sologaistuak errua bota dio Eusko Abertzale Ekintza bere alderdi ohiari, bigarren indarra izan arren, EB den hirugarren indarrari zuzenean alkatetza ez ematearren, PSE-EEk sostengatuko lukeen gobernua egin ahal izateko.
Bestalde, Lakuako Hiruko Gobernuak eta PSE-EEk Bizkaian udal zerrendarik bozkatuenei gobernatzen uzteko egindako hitzarmenak eta ETAren su-etenaren amaierak ez dute lagundu ezkerreko gobernua osatzen.
Greban dauden Sopelako TAOren beharginak ere Udalbatzan izan dira, beren aldarrikapenak zabalduz. Alabaina, bahiz eta TAO ezarri zuen Garaik alkatetzan jarraitu, baliteke laster non lan egin ez izatea.