Euskal Herrian "demokrazia zero" dagoela salatu du udaletxeetan EAEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 16a, 20:03

Gaur, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udalak osatuko dira, baina demokraziaren egun handia izan behar lukeena guztiz bestelako eguna bilakaturik dator, osatuko diren hainbat udaletan herritarrek adierazitako borondatea ez delako errespetatuko. Maiatzaren 27an burutu diren hauteskundeetan eta, Alderdiaren Legea dela medio, ezker abertzaleari berdintasunezko baldintzetan parte hartzea galarazi zaio, ilegalizazioak burutu dira eta, azkenik, herriaren borondatearen aurkako instituzioak osatzeko hautua egin dute alderdi politiko gehienek. Euskal Herrian ez dago demokraziarik edo, beste era batetara esanda: Euskal Herrian, demokrazia zero! Demokraziaren urraketa eta ilegalizazioa helburu politiko garbi batekin egiten da: ezker abertzalearen ildoa, proposamenak eta proiektua ezkutatu eta bere bidea eta garapena galaraztea. Argazkian, Erandioko EAEren jarraitzaileak "demokrazia zero" kartelekin.

Eta hau guztia noiz gertatzen da? Gure herriak gatazka konpontzeko aukera parez pare duenean. Estatu espainolak, PSOE eta PNVren eskutik, aukera hau alboratu egin du; eta gatazkaren erroetara joz, konponbidea posible egingo lukeen autodeterminazio eskubidea eta lurralde egituraketaren inguruko irtenbide adostua ukatu egin du.

Konponbideari ezetz esan diote PSOE eta PNV alderdiek. Eta herri honen gehiengoak aldarrikatzen dituen erabakitze eskubidea eta lurralde egituraketari erantzun zehatza eman asmoz, ezker abertzaleak aurkeztu duen Marko Demokratikorako proposamena baztertu egin dute.

Azkenik, hauteskundeotan gure ordezkaritza ilegalizatu dute, instituzioetan prozesu demokratikoaren alde egin nahi dugun lana ere oztopatu nahian.

Baina ez dute lortuko. Gaurtik eta marko Demokratikorako proposamena eskuan hartuta, herri honek behar duen konponbide politikoa aldarrikatzera goaz, erabakitze eskubidea bere baitan duen lau herrialdeetarako autonomia aldarrikatzera goaz, prozesu demokratikoa aldarrikatzera goaz, lehen bai lehen herri honek merezi duen bake eta demokrazia eskenatokia eskuratu dezan.

Gora Euskal Herria askatuta!

Eusko Abertzale Ekintza
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun