Erandioko Udalbatza aretotik kanpo egin dute EAEkoen protestengatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 16a, 21:37

Mikel Arieta-Araunabeña da berriz ere Erandioko alkatea Espainiako Alderdien Legeak emandako gehiengo osoari esker. Bere izendapena, ordea, Udalbatzaren aretotik kanpo egin dute, udaletxearen azken solairuan eta udaltzainek harainoko eskailerak moztuta. Batzarra normaltasunez hasi da Udalbatza aretoan, jeltzaleek eta ekintzaileek gela lepo bete dutela. Adin Mahaia eratuta, udal idazkariak zinegotzi guztien akreditazioak ondo zeudela esan ostean, Jose Angel Bilbao (argazkian) EAEko hautetsia publiko artean altxatu eta hori ukatu du, bertan EAEko bi zinegotziak faltan izateagatik. Ondoren, Arieta-Araunabeñari zuzendu zaio esanez nahikoa dela "eta ea beste lau urte hormari hitz egiten" eman behar duten. Alkatearen aspaldiko hitzak gogoratuz, berriro ere "herriaren argazkia" ez dela osorik atera esan dio eta bere aldetik urratsak emateko prest dagoen galdetu dio. Ondoren, alkateak aginduta mikrofonoa eman diote hitz egiten jarraitzeko. Bilbaok EAEren agiria irakurri eta pertsona mailan "lapurrak" deitu dituen bi zinegotzien aurka ezer eduki ez arren jesarlekuak EAEri bueltatu behar dizkiotela esan du. Ondoren, makina bat ohiu izan dira demokraziaren alde eta "lapurren" aurka eta udaltzainek publiko erdia disolbatu baino, alkateak nahiago izan du zinegotzi "legalak" beste areto batera joatea, publikoaren beste erdiak txalotuta.

Bestalde, EAEko jarraitzaleek udaletxea utzi dute eta kontzentrazioa burutu dute plazan. Jakinarazi dutenez, hainbat bilera izan dute EAJrekin "eta argi eta garbi esan ziguten zer dagoen: ez dutela ezer egingo". Izan ere, besteak beste, EAJri gehiengo osoa izateko aukera eskaini dio egoera horrek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun