EAEko kideek esandakoaren arabera, udaletxe aurrean kontzentrazioa egiteko baimena eskatu duenari Udalbatzan arazorik egonez gero ordainduko zuela mehatxuka aritu zaio Polizia autonomikoa gaur goizean. Era berean, goizeko 9etan EAEko hautetsiak udaletxean sartzen saiatu dira baina Hautes Batzordeak onartutako zinegotziak baino ezin zirela sartu esan diote. Geroago, jende gehiago sartzen ikusi dutenean horiek "gonbite ofiziala" zutela jakinarazi diete. Azkenean, 10etan Udalbatza aretoa publikoari zabaldu dutenean, "beteta dagoelako ez digute sartzen utzi" kexatu da Rakel Olea EAEko zerrendaburua.
Ateak itxita
Ordu horretan, eta PPko kide baten faltan, ekin diote Udalbatzari eta adin mahaia osatu dute, ateak zabalik egon direla eta jende lepo egon dela aretoan zein ondoko hallean batzarrari so. Hautes Batzordeak onartutako boto kopurua eta erakunde horrek aintzat hartutako zinegotzien izenak irakurri dituzte. EAEk eskatzen dituen jesarlekuen jabeak aipatzean dozenaka pertsona hasi da oihuka "putxerazorik ez", "zinegotzi lapurrak kanpora" edo "non daude gure eskubideak?" bezalako leloak errepikatuz.
Une horretan aretoko atean zeuden jelkideak eta halletik aretora sartzen saiatu diren ekintzaileen arteko tirabirak izan dira eta nahiz eta Karmelo Sainz de la Mazak alderdikideei geldi egoteko eta udaltzainei uzteko esan, hainbat izan dira bultzakada eta ostikada aritu direnak. Udaltzainek, kostata bada ere, EAEkoak hallera kanporatu dituzte, ateak ixterakoan haietako bati atzamarrak zapaldu dizkiotela. Kanpoko oihuek eta zaratak ondo entzuterik uzten ez zuela, zinegotziek Konstituzioari eman diote hitza edo zina, Ezker Batukoek "naizen pertsona errepublikano gisa herri burujabearen aurrean eta legeak aginduta" esaldia erabiliz.
Elkarri zorionak ematen
Bozketan Arruebarrenak irabazi duela iragartzen zuten bitartean, hall desalojatu du Ertzaintzaren dozena bat poliziak hainbat tirabiren artean. Udalbatza aretoan, berriz, Sainz de la Maza eta Arruebarrena besarkatu dira eta azken honek aginte makila eskuan, Espainiako Erregeari leial izateko eta Konstituzioa betetzeko eta betearazteko hitza eman du. Ondoren, alderdien bozeramaileei gonbidatu die hitz batzuk esatera.
Ezker Batuko Daniel Herrerak prest agertu da lan egiteko eta hurrengo egunetan "giro hobea" egoteko esperantza duela aitortu du. Alderdi Popularreko Xabier Olabarrietak, berriz, euskaraz zoriondu du alkate berria eta "Leioa hobetzeko eta askatasuna defendatzea ahal den guztia" egingo duela agindu du.
Juan Otermin sozialistak, bere aldetik, zinegotzi ohiak agurtu eta PSE-EE bozkatu eta lagundu duten hiritarrei eskerrak eman dizkie. Haiek ere, Leioatik eta Leioarentzat lan egiteko prest agertu dira. Alkateari "zazpi sozialisten zoriontzea" eman dio, bere taldekide batek laster izango duen umea ere zenbatuz.
Jelkideek berriz, publikoari zein aurreko udal gobernuari eta batez ere Sainz de la Mazari eskerrak eman dizkiote. Nabarmendu dute oraingo honetan "talde gaztea garela" baina alderdiaren tradizioa jarraituko dutela "herriarentzat lan eginez" eta "Leioako espirituari", zabaltasuna eta adostasunaren bilaketa, alegia, eutsiko diotela eta "guztiekin lan egiten eta akordioetara heltzen saiatuko" direla.
Alkate berriaren hitzak
Eneko Arruebarrenak hitz batzuk izan ditu, hasteko, bere sei hilabeteko umearentzat. Ondoren, atzo, ekainak 15, izandako Espainiako hauteskundeen 30. urteurrenarentzat eta gero Txomin Aresti, Miguel Angel San Juan, Miguel Angel Ariño eta, batez ere, Karmelo Sainz de la Maza hartu ditu gogoan: "ni zortzi urte egon naiz Karmelorekin eta alkate sentitu naiz. Ez nuen hau behar alkate sentitzeko. Alkatea ez izateagatik egiterik ez nuenik ez da izan. Mila esker".
Bukatzeko, aitortu egin du Udalbatza "apur bat arraro izaten ari" dela, baina "Leioan dugun gizartearen aniztasuna islatzen du: barrukoak, kanpokoak, zin egiteko eredu ezberdinak... eta, gutxienez, barrukook Leioaren eta leioaztarren alde lan egiteko gogoak ditugu". Hori esanda eta hainbat jarraitzaileen zorionak jaso ondoren, ohiko Udalbatzaren gaiei heldu dio.
Bestalde, kanpoan, EAEko kideek makina bat ertzainen begiradapean egin dute kontzentrazioa "herri borondatea beste behin ere errespetatu ez" dela salatzeko. Rakel Oleak argi utzi du lanean jarraituko dutela borondate hori gauzagarria egiteko.