Aldarrikapen oharra:
Ohar honen bidez gure gain hartzen dugu larunbatean, hilak 16, goizeko 7:30ean Metro Bilbaoren trenbidean buruturiko ekimena: Berango eta Bidezabal geltokien artean (Tosu eta Muru estarten bidegurutzean), "Euskal Herrian demokrazia zero" lelodun pankarta trenbidean kate bidez gurutzatu eta denbora batez bidea ostopatuz.
Ekimen hau Hego Euskal Herrian antidemokratikoki burutu hauteskundeak arbuiatzeko, hala larunbatean bertan herritarren borondatea zanpatu eta isilaraziz osaturiko udal gobernuak salatzeko egin da. Normaltasunik ez dakarren egoera orok normaltasun eza eragingo duelako, gure konpromisoa berresten dugu sor litezkeen eraso berrien aurrean behar besteko erantzuna emateko.
Azkenik, Metro Bilbaoren, Ertzaintzaren eta komunikabide zenbaitzuren isiltasuna gogorki salatu nahi dugu, herriaren haserrea ezkutatu nahian ekimen horren inguruko berririk argitara eraman nahi ez izanagatik. Alabaina, Ertzaintza edo Metro Bilbaorengana jotzera gonbidatu nahi zaituztegu informazio hau egiaztatu nahi izanez gero. Zer dela eta egia ezkutatu?
Euskal Herrian demokrazia zero! Prozesu demokratikoa orain! Konponbidea orain!
Hainbat ezezagunek Berango eta Bidezabal bitarteko trenbidea moztu egin ei zuen herenegun, larunbata, katez eta "Euskal Herrian demokrazia zero" lelodun pankartaz. UKBERRI.NET-i eta beste hainbat komunikabideri bidalitako aldarrikapen oharrean, sabotaje egileek ekintza hori bere gain hartu eta "Hego Euskal Herrian antidemokratikoki burutu hauteskundeak arbuiatzeko, hala larunbatean bertan herritarren borondatea zanpatu eta isilaraziz osaturiko udal gobernuak salatzeko" burutu zutela azaldu dute. Era berean, sabotajearen arduradunek horrelakorik berriz egin dezaketela argi utzi dute: "normaltasunik ez dakarren egoera orok normaltasun eza eragingo duelako, gure konpromisoa berresten dugu sor litezkeen eraso berrien aurrean behar besteko erantzuna emateko". Azkenik, larunbatean goizeko 7:30ak aldera Tosu eta Muru estarten bidegurutzean izandako ekintza isilarazi izana leporatu diete Metro BIlbao, Ertzaintza eta hainbat komunikabideri. Argazkian, "Euskal Herrian demokrazia zero" lelopeko kartel mordo ikusi ziren larunbatean hainbat udaletxetan.