Arratsaldean hasita lau egunez izango dira Leioako San Juan jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko eka. 21a, 12:13

Bostehun haur eta gazte inguruk parte hartuko dute arratsaldean, Leioako San Juan jaietako koadrilen jaitsieran, 20:15ean hasita, udaletxearen balkoitik irakurriko den pregoia entzun bezain laister. Hain zuzen, Txorierri, Lamiako eta San Bartolome auzoetako kultur etxeetako arduradunek izango dute horren ardura. "Bakoitzak bere auzoan egiten duen borondatezko lana eskertu nahi dugu izendapenaren bitartez", udal iturriek adierazi dutenez. Hortik aurrera eta igandera bitartean, ez da kultur edo kirol ikuskizunik faltako Leioan. Besteak beste, txikiek Euskal Etxeen plazan izango dituzte ekitaldi guztiak (bitxa, tailerrak, puzgarriak, antzerkia, pailazoak...), goizez zein arratsaldez. Argazkian, orain sei urte XVIII. mendeko ohitura berreskuratu ostean, igandean egingo dute Elizateko Aurreskua / Kultur Leioa.

Guztira, 26 koadrila arituko dira ostegun kaleetan barrena jai giroa sortzen: nagusien 19 talde (Txori Maloak, Iraultza, Eztarri Sakona, Kasi K No, Beti Berdin, Bazterrekoak, KPL, Izar Beltz, Kraska Gazte Konpartsa, Bask-Itos Taldea, Ahaztezinak, Sativa, Epi y Blas, Zelako Tajada, Katxislamar, Stanis, Kame Hame, Entxufaos eta Jainkoak) eta umeek osatutako zazpi (Kasi K No, Epi y Blas, Txori Maloak, Gazte Taldea, Callate la Boka eta Beldurrezko Heriotza), hurrenez hurren. Jaitsiera tradizionalaren ibilbideari dagokionez, desfilea Elexalden hasiko da eta hortik koadrila guztiek Sabino Arana kalera joko dute. Geroago Luis Bilbao Libano kaleraino joango dira Bulebarrean amaitzeko. Bestalde, koadrilek hainbat lehiaketa etag proba izango dute igandera bitartean. Jantzi merkearena da lehenengoa. Helduak paperez mozorrotuta agertu beharko dira jaitsieraren ostean Ikea Barrin, 22:30ean. Umeen txanda, berriz, igandean 18:00etan izango da toki berean.

Ostiralean, hiru txapelketa egingo dira helduen zein umeen koadrilentzat: erlojupeko eskalada, Azeriaren Ehiza eta play-back. Erlojupeko eskaladari dagokionez, txikiek Estartetxen egingo dute, helduek Ikea Barrin, biak 17:00etan hasita. Froga honen ostean, Azeriaren Erizaren txanda etorriko da 19:30ean, haurrek Errekalde eta Jose Ramon Aketxe plazetan eta nagusiek Ikea Barrin. Gatean, play-back froga egingo dute Errekalde plazan, umeak 22:30ean eta nagusiak ordu batetan. Abestia zinta edo CD batean eman beharko da eta hiru minutuko iraupena izango du oholtza ganera igotzen denak. Larunbatean, tortilla txapelketak hartuko du protagonismorik handiena Barandiaran ikastetxeko patioan. Bitartean, koadrilak herri kirolen olinpiadetan (harrien altxadak, txingak eroatea, artaburuak hartu, sakuen lasterketa) eta dardoen txapelketan arituko dira. Jaien azken egunean, soka-tira Kandelazubietan, eta areto-futbola etasaskibaloiko finalak Sakonetan, iragarrita daude. Koadrilen sari banaketa ekitaldia Errekalden egingo da 21:00etan.

Kirol Gala

Era askotariko kirolak ikusteko aukera izango da jaietan auzokideen gozamenerako. Gaur osteguna Horretaz aparte, esku pilota partidek izango dira nagusi. Hartzak ilota Taldearen eskutik,udal pilota eskolako finalaurrekoak izango dira Sakonetako frontoian. Esku pilotarekin jarraituz, 21:30etan, Alustiza-Javi Gomez bikoteak Bengoetxea VII-Gorriti izango du aurrez aurre, eta partida horren ostean, Antxia-Altuna bikoteak Nagore-Arretxeren aurka jokatuko du. Kirol ekimenik garrantzitsuena Bulebarrean izango da ostiral honetan: Kirol Gala, 20:00etan. Ez da faltako Leioako Euskal Kirol Zaleak elkarteko harrijasotzaileen erakustaldia, ezta Goenatxo eta Izetarena ere. Gainera, Fausto Mugerzak enborra moztuko du bost metroko altueran igota eta Bizkaiko trontzalari txapeldun eta txapeldunordearen erakustaldia egongo da.

Hurrengo egunean, Hartzak eratutako udal pilota eskolako finalak izango dira 17:30ean eta horren ostean Aritz Lasa-Elola eta Aldai-Larramendi bikote profesionalek elkarren aurka jokatuko dute, 21:00etan hasita. Pilota jaialdiarekin amaitzeko Amarika-Armendariz bikoteak Urdaniz-Zabala bikotea izango du aurrez aurre. Bestalde, hilaren 23an, goizeko 11etan, Leioa eta Bizkaiko eskubalo selekzioek bere indarrak neurtuko dituzte Sakonetan.

Gau magikoa

Gau magikoa izango dugu larunbatekoa, Gaitzerdi antzerki taldeak udaletxe aurrean eskainiko duen ikuskizun erakargarriaz. Aurretik, nahi duten leioaztarrek tortxak eramango dituzte kalejira eginez, Bulebarretik udaletxe aurreko lorategiraino. Bertan, tortxak jarriko dituzte zirkulua eginez eta, horren ostean, Gaitzerdiren ikuskizuna hasiko da. Bost aktore-aktoresek basetxe bat eszenaratuko dute animali maskara bat jarriz. Abereek gorputza, ohiturak eta giza ahalmenak izango dituzte, adibidez, telebista ikusteko edota bibolina jotzeko. Bestalde, hiru umek animalien maskara eramango dute eta dantza, musika eta antzerkiarekin erlazionatutako bere trebetasuna erakutsiko dute. San Juan suaren festa, berriz, 23:15erako iragarrita dago eta beranduago akelarrea eta su artifizialen txanda etorriko da.

Elizateko Aurreskua

Usadioari eutsiz, San Juan jaien azken egunean, Elizateko Aurreskua egingo dute beste urte batez. XVIII. mendetik datorren ohitura hau ulertzeko udalerriko historiari so egin behar zaio, udal iturrien arabera. "Garai hartako baserritarrek igandero bere parrokiara jotzen zuten meza entzutera eta eliz ospakizuna amaitu ostean, udal agintarien baimenaz, Elizateko Aurreskua dantza ohi zuten. Neska-mutilak elkar ezagutzeko modua zen", azaldu dutenez. Ohitura zahar hori berreskuratzeko erabakia hartu zuen Udalak 2001ean, Leioko 475. urteurrena ospatu zenean, hain zuzen ere. Aurtengo jaietan, San Juan Bautista parrokian 11:00etan izango den meza amaitu eta berehala aurreskua dantzatuko dute eguerdi aldera udaletxe aurrean. Geroago, dantzariek eta nahi duten auzotar guztiek herri bazkaria izango dute Kandelazubietako kiroldegian 15:00etan. Horretarako 12 euroko txartelak daude salgai.

Egitarau osoa agendan dago ikusgai
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun