100. saioa egingo du laster Irratia.com-ek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 18a, 22:59

Datorren abenduaren 5ean, Bilbo Hiria irratiko estudioetan 100. saioa egingo du irratia.com-ek, Euskal Herriko lehen irrati digitala eta gainera euskalduna. Marka horren atzean, bi kazetariren lan neketsua dago, zazpi urtetan zehar Jabi Zabala gorliztarrak (argazkian) eta Patxi Gaztelumendi larrabetzuarrak egindakoa, azken garaian Ibon Burgoak eta Ekaitz Hernandezek egindako etengabeko ekarpenekin batera. Proiektua 2000. urteko azaroan abiatu zuten Bilboko Tas Tas irrati libreko estudiotik, horretarako Interneta jarri behar izan zutela irratian. Lehenengo elkarrizketa telefonoz egin zioten Fermin Muguruzari, "FM 99/00 Dub Manifest" diskoa aurkezteko. Asteazkeneroko "Jalgi hadi dantzarat!" Irratsaioak grabatu eta gero etxetik sareratzen ibili ziren Zabala eta Gaztelumendi hainbat denbora, baina maiztasunari ezin heldu ibili ostean, Bilbo Hiria irrati euskaldunerako jauzia egin zuten. Bertan gustura ibili dira eta orain dela gutxi 97. saioa egin dute animoz beterik: "hasierako ilusio bera edo handiago daukagu". Abenduaren 5eko saioa, 22:00etatik aurrera, beraz, ez da edonolakoa izango: "100. saioa egingo dugu Bilboko Kafe Antzokitik. Bai, ondo ulertu duzue, 7. solairuko estudiotik behera goaz. Antzokian egingo dugu, jendaurrean, jendearekin, gonbidatuekin, musikariekin, giro onean. Eta zu ere gonbidatu gura zaitugu, zelan ez".

Patxi Gaztelumendiren artikulua:

Irratia.com: 100. saioa prestatzen ari gara

2.0 bertsioarekin hasi ginen duela urte batzuk Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Podcasting garaiari heldu genion orduan. Euskarazko lehen podcastak egiten hasi ginen, lehenagotik antzeko kontuak egiten genituen arren.

2000. urteko azaroan abiatu genuen irratia.com egitasmoa, Tas Tas irrati libreko estudiotik. Fax linean, modemaren kablea sartu genuen -etzegoen Internetik irrati librean- eta telefonoz Fermin Muguruza geneukan Irunen FM 99/00 dub manifest diskoari buruz berba egiteko. IRC kanal batean, zenbait entzule, galderak egiteko prest. Partehartzean sinesten genuen ordurako, eta entzuleek zenbait galdera bota zituzten, sineskaitz… eta Ferminek erantzun, zuzenean, on_line mundu guztirako.
Luze joan zen abentura hura, asteazkenero Jalgi hadi dantzarat! saioa egiten nuen estudiotik, eta Jabik etxetik emititzen zuen irratitik jasotakoa. Ni alde zaharrean gora, eta bera Indautxun. Entzuleak nahinon, eta baita FMko 97.0an, Bilbon batez ere.

Isildu egin ginen gero. Ez genuen saiorik egiten astero, baina irratia mantentzen genuen, gure esperimentuak egiteko. Ikasten jarraitzeko. Baina berehala ekin genion Bilbo Hiria irratian. Euskarazko irratia, gugandik gertukoa, aurkezpenak egin, proiektua gustatu eta aurrera. 97. saioa egin dugu asteon. Eta hasierako ilusio bera edo handiago daukagu.

Eta abenduaren 5ean (asteazkena) 100. saioa egingo dugu Bilboko Kafe Antzokitik. Bai, ondo ulertu duzue, 7. solairuko estudiotik behera goaz. Antzokian egingo dugu, jendaurrean, jendearekin, gonbidatuekin, musikariekin, giro onean. Eta zu ere gonbidatu gura zaitugu, zelan ez.

Jendea gonbidatzen ari gara, ideia ugari dauzkagu, eta falta diren asteetan zarata apur bat egin asmo dugu. irratia.com gure proiektu xumea da. Internet, kultura eta irratigintza uztartzen ditugu azken 7 urteotan, eta pozik ari gara, ondo ustez, eta gogotsu ziur.

Patxi Gaztelumendik gaztelumendi.org bere bitakoran ostegunean idatzitako artikukulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun