Lemoizko zentral nuklearra itxi zenetik 25 urte igaro direla, horren gaineko jardunaldiak burutu zituen, joan den aste hasieran, Ekologistak Martxan taldeak, eta orain, erakusketa jarri dute Bilboko Pilota kaleko Ekoetxean. Izan ere, haren "mamua" oraindik dirau: Iberdrolak behin baino gehiagotan adierazi du bertan ziklo konbinatuko zentral termikoa jartzeko asmoa. Bada, solasaldiek emaitzak izan dituztela ematen du. Berriak ezezik, beste hainbat komunikabideek ere zabaldu dutenez, konpainia elektrikoak asmo hori bazter dezala eskatzeko idatzia izenpetu dute Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek. Alde batetik, gasaren bitartez funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentral termikoak klima aldaketaren alde egingo lukeelako, gasak isuriz. Bestetik, Lemoizkoa ez delako "beste energia proiektu bat": "Osagai historikoak eta soziologikoak ditu. Zauri hori ezin da berriro ireki". Talde ekologistek zentrala dagoen lekuan egin beharrekoari buruzko eztabaida publikoa eskatu dute. Haien iritziz, "herritarrek gozatu eta erabili beharko lukete".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!